Aspaldiko partez, txirrindularitza lasterketa Irurtzunen

Guaixe 2019ko mai. 31a, 12:00

Sakana Group-Aralar taldeak antolatuta, eskolen mailako I. Bi Ahizpe Trofeoa jokatuko da larunbatean, 16:00etan, Irurtzunen

Larunbat arratsaldean Irurtzungo kale nagusietan txirrindularitza taldeen autoak, txirrindulariak, hesiak, kale itxiak… bueltan izanen dira. Aspaldiko partez, txirrindularitza lasterketa hartuko du Irurtzunek. Kasu honetan, Sakana Group Aralar Txirrindularitza taldeak antolatu du proba, Irurtzungo Udalaren eta hainbat babesleren laguntzarekin eta 16:00etatik aurrera kategoria txikiko ginkana eta lasterketak jokatuko dira, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak izango direnak.

Lehenik eta behin ginkana probak egingo dira, 16:00etan, Irurtzungo plazan. Promesek, hasiberriek eta haurren mailakoek ariketa berberak egin beharko dituzte, pibotak gainditu, pibot-slaloma, paralelak gainditu, zirkunferentzia osatu, lurretik ur botila hartu eta beste toki batean kokatu, pibote-zig-zaga…–  eta kimuek, aurrekoez gain, tranpolin ariketa gainditu beharko dute.

Ondoren hasiko dira lasterketak. Sakana Group Aralarrek 1,3 km-ko zirkuitua prestatu du Irurtzunen, industrialdera jaitsi eta herri erditik igoz irteera eta helmuga Foru plaza parean duena. Kategoriaren arabera, bira gehiago ala gutxiago eman beharko dute zirkuituan. Promesek itzuli bat egingo dute zirkuituan (1,3 km), lehen urteko hasi berriek bi (2,6 km) eta bigarren urteko hasiberriek hiru (4,9 km). Kimuen mailan, lehen urtekoek bost bira (6,5 km) emango dituzte zirkuituan eta bigarren urtekoek sei (7,8 km). Haurren mailan, lehen urtekoek hamaika itzuli (14,3 km) eta bigarren urtekoek 13 itzuli (16,9 km) egingo dituzte. Emakumezkoen kasuan, haurren mailakoek bederatzi itzuli (12,7 km) egingo dituzte eta kimuek sei itzuli (7,8 km). Gainontzekoek, mutilen berberak.