Espainiako armadako kideek Irurtzun inguruan maniobrak egin zituzten. Armak eskuetan zituztela ibili ziren. Nafarroako Sortuk salatu duenez, “errepideetan oztopoak sortu zituzten eta inguruetako biztanleen lasaitasuna bortxatu” zuten militarrek. Alderdi abertzaleak “armada espainiarra gurean ez dela ongi etorria” nabarmendu du, “etorkizunari eta elkarbizitzari ateak irekitzea bateraezinak dira modu horretako maniobra eta erakustaldiekin”. Eta gaineratu duenez, “bada garaia bizikidetza oztopatu, gerraren apologia egin eta Estatuak herri honen kontra jazartzeko dituen guda mekanismoak desaktibatzeko”. Horregatik, Sortuk “Espainiako segurtasun indarren eta armadaren atzera-biltzea” exijitu ditu.
2018 apirilaren 20an militarrak Etxarri Aranaztik militarren unitate batzuk herri erditik Aralar alderantz pasa ziren. Bizpahiru egun lehenago 80 militar Lizarragako portutik Beriainerako martxa egin zuten. 2017an gutxienez hirutan izan ziren militarrak Sakanan. Ilbeltzaren 17an soldadu talde bat Altsasutik abiatu zen ariketa militarrak egitera; otsailaren 15ean, berriz, 20 soldaduk Sakana erdialdetik Urbasa-Andiarantz joko zutela jakinarazi zuen Nafarroako Militar Komandantziak eta maiatzaren 31n Espainiako armadako 20 bat militar eta hainbat ibilgailu Ondatz eta Beriain inguruan ibili ziren “ohiko maniobrak” egiten.