Arrozetik ezagutzara

Guaixe 2019ko eka. 7a, 09:05
Errezeta berriak ezagutzeko aukera ematen du hitzorduak.

Munduko Arrozak ekimena izanen da larunbatean, 10:00etatik aurrera, osasun etxeko estalopean. Arroza, beste behin, jendea harremanetan jartzeko aitzakia izanen da.

Hamargarren urtea da Irurtzunen Munduko Arrozak ekimena egiten dena. Irurtzungo plaza sukalde bihurtuko da eta kultura desberdinetako arroz errezetak ezagutzeko aukera aparta izanen da. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, boluntarioek eta Itxipuru Taldeak antolatu dute hitzordua, Irurtzungo Udalaren eta Pikuxar euskal txokoaren laguntzaz.

Alfredo Prieto, Itxipuru Taldeko kidea
Zergatik sortu zenuten ekimena?
Hemen bizi garen komunitateak elkar ezagutzeko denbora asko eta jarduera asko antolatuak genituen. Ikusten genuen ezagutza bazegoela, baina ez nahasketa. Munduko Arrozak beste toki batzuetan antolatzen zela jakin genuen. Eta nahasketa hori emateko espazioa sortzen badugu? Elkar ezagutzen dugu baina beste puntu batera heldu nahi genuen.

Herria egitea?
Azken finean, herrigintza. Denok herria gara eta nahasketa hori sortzea, sakontzeko. Hori zen helburua. Eta pitteka-pitteka ikusi dugu nola joan den aldatzen eta handitzen.

Arroz aleek zubigintzarako balio dute, beraz?
Bai. Inolako zalantzarik gabe. Azkenean denok gara komunitate bereko pertsonak. Estereotipoak eta aurreiritzi horiek botatzea da kontua. Pitteka izena jartzea eta hortik ateratzea. Eta izan daiteke Munduko Arrozak edo Munduko Kakorratzak. Kontua da espazio bat sortzea izenak jartzeko eta ondoan duzun pertsona hori ezagutzeko.

Espazioak funtzionatu du?
Bai. Azkenean konturatu gara gauza sinpleak antolatu behar ditugula. Protagonismoa parte hartzen duten pertsonek dute. Horrela izanda, funtzionatzen du.

Larunbatean zenbat su jarriko dira?
Zazpi. Urtetik urtera aldatu egin da kopurua. Batzuetan sei izan dira, besteetan bederatzi, bost… Guretako kopurua ez da garrantzitsua, gaudenon artean giro hori sortzea baizik.

Jendeak ere galdetzen du platerak nola prestatzen diren, ezta?
Parte hartzeko hiru modu daudela esan daiteke, eta bakoitzak bere integrazio puntua du. Bat da arroza prestatzen aritzea. Sukaldarien artean espazio bat, giro bat sortzen da. Batzuek arroza prestatzen duten bitartean oharrak hartzen dituzte eta interakzio hori gertatzen da. Parte hartzeko beste momentu bat 13:00ak aldera da, arrozak dastatzeko momentua, berez ezagutzen ditugun komunitate horiek hurbilago.

Borobiltzeko, parte-hartzaileen eta nahi dutenen herri bazkaria, ezta?
Parte-hartzen dutenendako paella egiten dugu. Nahi duena gonbidatuta dago. Ekintza luzatzen da eta zapore onarekin bukatzen dugu.

Arrozarekin batera, sentsibilizazio gunea ere izaten da plazan.
Bai, horretarako baliatzen dugu, eduki indartsu bat emateko. Elkarbizitza helburu duen espazio bat da. Hori Sakanako Mankomunitatetik lantzen dute, oso ondo gainera.

Larunbatean etortzen direnak nongo zaporeak dastatzeko aukera izanen dute?
Maroko, Senegal, Peru, Brasil, Irurtzungo bi eta HelpNa elkartekoena.

Sukaldariek mandarra bera erabiliko dute, zergatik?
Sukaldean arituko garen guztiok komunean duguna, arrozaz aparte, denok ekintza berean parte hartzen dugula eta mandar bera erabiltzen dugula. Etortzen direnek sukaldarien mandarretan jartzen dutena ere irakurriko dute.

Krabelin batzuk ere ikusi genituen aurkezpenean. Zer dela eta?
Stand bat egonen da handik pasatzen direnek txartel bat hartu beharko dute. Txartelaren goiko paretan ohikoak diren zurrumurru bat izanen da. Eta beheko partean ohar bat dago: txartela bitan zatitu eta zurrumurrua duen zatia txikitzen duenak lore bat jasoko du trukean. Gainera, txartelaren beheko parteak aukera emanen du arroz dastaketarako platera eskuratzeko.

Erlazionatuak