Sarrionandiaren eta Atxagaren erdian, Balda

Guaixe 2019ko eka. 11a, 13:50
Nerea Balda idazlea 'Atzerrian' liburuaren aurkezpenean, Donostian. PAMIELA

'Atzerrian' eleberria argitaratu berri du Nerea Balda idazleak. Idaztea betidanik gustatu zaiola esan du irurtzundarrak, baina duela bi urte hasi zen "serio" hartzen. Ostegunean, 19:30ean, Iruntzungo Pikuxar euskal txokoan aurkezpena eginen du

"Betidanik" idaztea gustatu zaio Nerea Balda irurtzundarrari. "Beti idatzi dut". Eskolan zegoela gustukoa izaten zuen idazlanak egitea bidaltzen zietenean. Pozik egiten zuen. Baina "oso niretzat" idazten zuen. "Literaturan ez dut inoiz serio hartu". Duela pare bat urte arte. Orduan hasi zen Balda literatur lehiaketara lanak aurkezten, eta emaitzak jasotzen ere. Getxoko Ramiro Pitillas saria irabazi zuen iaz, eta saritutako narrazioa argitaratu du orain Pamiela argitaletxearekin: Atzerrian.

Literatur lehiaketetan parte hartu duenean sariren bat irabazi duela esan du Nerea Baldak. Hortaz, Iruñeko Egile Berrientzako Literatur Lehiaketan bi sari jaso zituen Nerea Baldak 2017ko edizioa: narrazioan 3. saria jaso zuen Hitzordua lanagatik, eta poesian aipamen berezia jaso zuen Maleta bete mundu poesia sortagatik. Iaz lehenengo sariak iritsi ziren: Ahizpak lanak narrazioan irabazi zuen eta Patriketan gordeak olerkia modalitatean. Gainera, Getxoko Ramiro Pitillas I. Literatur Lehiaketa irabazi zuen ere Atzerrian, abroad, á l'estranger, all'estero eleberriarekin.

"Gustuko izan dut gauzak adierazteko nire modu hori". Txikitan eta nerabezaroan egunerokoak idazten zituen, bidai bat egiten zuela bidai koadernoa idazten zuen eta haurdun zegoenean haurdunaldiaren inguruko blog bat ireki zuen, blogak modan zeudenean. Idaztea beti gustatu izan zaio irurtzundarrari. Baina "ez inori erakusteko". Ez zuen "serio" hartzen. "Baina beti seriogo edo fundamentuzko zerbait egiteko gogoak neukan". Duela bi urte "pixka bat serioago" hartzen hasi zen. Eta emaitza hainbat sari eta Atzerrian liburuaren argitalpena izan zen.

Emakumeak izan ohi dira Baldaren idatzietako protagonistak. Ahizpak narrazioak irabazi zuen iazko Egile Berrientzako Literatur Lehiaketa eta La Manada talde bortxaketa izan zen "aitzakia". Hala ere, testuingurua baino ez da, izan ere, protagonistak lau emakume dira, haien erreakzioak eta bizipenak. Patriketan gordeak izan zen poesia arloan irabazlea eta hamabost poema sorta bat da: "denetarik dago". Poesia "pertsonalagoa" dela esan du, eta gaiak "askotarikoak" direla: "barruan daukazuna ateratzea, zalantzak, erabakiak...".

Lehiaketa bat suertatzen zenean "serioago" idazten hasten zen Balda. Getxoko Ramiro Pinillas lehiaketa zela jakin zuenean, aspaldi idatzitako borradore batekin oroitu zen eta berreskuratu zuen. "Zerbaiterako balio zuen begiratu nuen, pixka bat zuzendu, aldaketa batzuk egin eta bidali nuen". Bidali eta irabazi ere egin zuen Baldak. Sariaren barruan lana argitaratzeko aukera zegoen. "Sari hori irabazi izana izan da bultzadarik handiena".

Liburua argitaratzea "prozesu luze xamarra" izan dela aitortu du Baldak. Pamiela argitaletxearekin kaleratu du Atzerrian lana. Hala ere, epaimahai batek irakurri duenez "aldaketa gutxi" egin behar izan ziotela esan du. Londresen bizi den emakume euskaldun bat da Atzerrian eleberriko protagonista. Itzultzaile-interprete izateko lan handia egiten du. Gogora saiatzen da, eta lortzen duenean, galduta du bere burua, hustuta. Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxe kideak adierazi duenez, eleberri laburra den arren "benetako erritmo bizia" lortu du. "Ia zinematografikoa" erabili du.

Atzerrian liburuaren aurkezpenarekin dabil orain Balda, eta "polita" izaten ari dela esan du: "Aurrekoan lagun batek liburu azokatik argazki bat bidali zidan eta nire liburua Sarrionandiaren eta Atxagaren artean zegoen. Horrek inpresioa ematen du". Baldaren lehenengo eleberria da. Eta gehiago etorri daitezke, izan ere, irurtzundarrak adiera duenez idazten jarraitzeko "asmoa" badago, "horretarako lana egin behar da".

Erlazionatuak