Edu eta Diz, Osasuna Magnaren lehenengo bajak

Guaixe 2019ko eka. 11a, 11:40

Osasuna Magna Xota hurrengo denboraldia prestatzeko lanetan dabil eta abonatuek asteazkenetik aurrera berritu ahal izango dute hurrengo denboraldiko abonua. Momentuz bi baja izanen ditu taldeak, Edu eta Diz

Osasuna Magna Xotako Eduardo Filipe Sousa Veiga “Edu” atezainak bide berria hartuko du talde berrian bi denboraldi egin eta gero. Edu ez da Osasuna Magnako atezain titularra izan, baina kalitate handiko atezaina da eta, horregatik guztiagatik, bere ibilbide berrian onena opa dio talde irurtzundarrak. Edurena bigarren baja da, Alex Diz jokalariak ere talde berdean zuen ibilbidea bukatu baita. Klubak Dizekin zuen kontratua berritzeko aukera zuen, baina ez du erabiliko eta jokalariak nahi duen taldera joateko ateak zabalik dauzka. Berari ere zorte onena opa dio klub berdeak.

Abonoak berritzeko kanpaina abian
Bestalde, 2019/2020 denboraldiko abonoak berritzeko kanpaina asteazkenean, ekainaren 12an zabalduko da ekainaren 28ra arte. Egun talde berdeko abonatuak direnak denboraldi berriko euren txartelak klubaren bulegoetan jaso ahal izango dituzte, Iruñean eta Irurtzunen, 18:00etatik 20:00etara. Prezioak antzekoak dira: familia abonua (bi nagusi eta 17 urte bitarteko seme-alabak) 120 euro, nagusiek 60 euro, gazteak (17 urtera arte) 40 euro, langabetuek 40 euro eta txikiek dohan. Osasuna futbol taldeko bazkideek beherapena izango dute. Bukatu berria den denboraldian bataz beste 2.500 zaletu bildu dira Anaitasunan Osasuna Magna Xota animatzera.