Hiru abesbatza batean

Guaixe 2019ko eka. 14a, 10:31
Irurtzungo Abesbatza artxiboko argazki batean. ARTXIBOA

Amati, Ametza eta Irurtzungo abesbatzek kontzertua eskaini behar zuten Irurtzungo San Martin elizan, baina azken orduko ezusteko batengatik atzeratzea erabaki dute. Hiru abesbatzek elkarrekin egin dituzten kontzertu biraren azken emanaldia izan behar zen

Trinitate festak ospatuko dituzte asteburuan Irurtzunen, eta Irurtzungo Abesbatzak musikarekin hasiera emanen zion gaur. Hala ere, azken orduko ustekabe batek kontzertua atzeratu du. Irurtzungo Abesbatza ez zen bakarrik ariko, izan ere, sakandarrekin Ultzamako Amati eta Berriobeitiko Ametza abesbatzak egon behar ziren. Gaurko kontzertuarekin hiru abesbatzek elkarrekin egin duten aurtengo denboraldiari amaiera eman behar zioten. F. Schubertetik (1797) E. Whitacerrera (1970) musikaren bitarteko ibilbidea da kontzertuaren izenburua, eta abesbatzetako ahotsak musika instrumentuez lagunduta egonen behar ziren ere.

Amati, Ametza eta Irurtzungo abesbatzek koro handi bat sortu dute udaberri honetan. Patxi Martin Huarriz da hiru abesbatzen zuzendaria eta berak proposatu zien elkarrekin aritzea, Juana Urra Irurtzungo Abesbatzako kideak azaldu duen bezala. Elkarrekin hainbat kontzertu eman dituzte, besteak beste, Artikan, Iraizozen eta, "bereziena", Tarazonan. "Tarazonako katedralean abestu genuen eta, ondoren, batzuk bertan lotara gelditu ginen hurrengo egunean bisita egiteko". Abesbatzetako kideen artean harremanak sendotu zituzten bisita horretan. Urrak gogoratu duenez, hasieran abesbatza bakoitzak bere kabuz abestien entseguak egin zituzten, baina gero hirurak elkartu ziren kontzertu bateratua osatzeko. Antsoainen egiten zituzten entseguak.

Zuzendari berria
Fermin Idareta Goldazarena zen Irurtzungo Abesbatzaren zuzendaria, baina duela bi urte "atseden" hartzea erabaki zuela esan du Urrak. Orduan, Patxi Martin Huarrizek hartu zuen abesbatzaren batuta. Martinek beste bi abesbatzetako zuzendaria zen ere, eta elkarrekin zerbait egitea proposatu zien. Horrela sortu zen  F. Schubertetik (1797) E. Whitacrera (1970) musikaren bitarteko ibilbidea kontzertua. "Erronka" bat izan dela dio Urrak. Kontzertu "berezi xamar" dela esan du Irurtzungo abesbatzako kideak: "kontzertua ezberdina eta polita da". Kontzertuarekin "pozik" gelditu direla esan du Urrak. Izan ere, "esfortzuaren" emaitza izan da. Astean hiru egunetan entseatu dute, normalean behin elkartzen zirenean. "Ordu pila bat sartu ditugu".

Hiru abesbatzek musika instrumentuen laguntza izanen dute kontzertuan. Pianoan Berenika Rostockak parte hartuko du eta harizko talde bat ere ariko da. "Asko laguntzen dute, gainera". Iruñeko Joaquin Maya Musika Eskolako hainbat ikaslek parte hartuko dute. Guztira 60 pertsona baino gehiago egongo dira elkarrekin San Martin elizako agertoki bihurtutako aldarea.

Abesbatza
Irurtzungo Abesbatza 2006an sortu zen bi helbururekin: Irurtzunen abesbatzen inguruko tradizioa sortzea, ordura arte existitzen ez zena, eta, bestetik, abestearen plazerraren inguruan jendea biltzea. Horrela hasi zen, hain zuzen, Juana Urra abesbatzan. Izan ere, "betidanik" gustatu izan zaio abestea, baina afarietan eta lagunekin egiten zuen. Abestea gustatzen zitzaion jende gehiagorekin bildu, eta abesbatza sortu zuten. Azaldu duenez, Irurtzunen beste koro bat dago, elizan aritzen dena, eta Irurtzungo Abesbatzak "beste musika estilo batzuk" interpretatzen ditu.

2016an Irurtzungo Abesbatzak 10. urteurrena ospatu zuen Irurtzungo frontoian egindako kontzertu erraldoi batekin eta abesbatzaren inguruko dokumentalaren aurkezpenarekin. Urrak gogoratu duenez, abesbatza aldatuz joan da, izan ere, "kide batzuk sartzen dira eta beste batzuk erretiratzen dira". Gaur egun, 30 kide inguruk osatzen dute abesbatza. Irurtzun eta inguruko herrietako jendea biltzen da.