200 zurrumurru txikituta

Guaixe 2019ko eka. 13a, 19:17
Munduko Arrozetan parte hartu zutenetako bi. Argazkia: Juan Pedro Higuero.

Larunbatean izan zen, Munduko Arrozak ekimenean parte hartu zutenek zurrumurruekin hautsi zuten.

Irurtzungo bereko komunitateak elkar ezagutzetik elkarrekin nahasteko espazio bat sortu asmoz, osasun etxeko estalopea sukaldea bihurtu zen larunbat goiz-eguerdian. Arroza Brasil, Maroko, Peru, Senegal, Irurtzun eta Help-Na elkartean prestatzen duten moduan dastatzeko aukera izan zen. Zurrumurruen kontrako gunea eta migratzaileen egoerari buruzko erakusketa ikusgai izan zen.  Gainera, parte-hartzaile guztiak elkarrekin bazkaldu zuten.

Prestatu ziren zazpi arrozetako bat dastatu nahi zuenak, Sakanako Mankomunitatearen Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuaren standetik pasa beharra zegoen eta txartel bat hartu. Txartelaren goiko partean jendartean atzerriko pertsonen inguruan zabalik dauden zurrumurruak zeuden idatzita. Arroza dastatu nahi zuenak txartelaren zati hori hautsi beharra zuen. Eta gainontzeko txartela standean aurkeztuz gero, klabelin bat jasotzen zuten opari, baita arroza dastatzeko beharrezko platera eta sardexka. Guztira 200 lore banatu zituzten.  

Erlazionatuak