VI. Trinitateko Igoera, festak ongi hasteko

Guaixe 2019ko eka. 14a, 10:35

Bihar, larunbatean, 10:00etan hasiko da Ergako Trinitatera igotzeko mendi lasterketa

Guan Taldeak, Irurtzungo Udalaren eta Oreka eta Bi Sister babesleen laguntzarekin Trinitateko Igoera antolatu du larunbat goizean. Aurten proba herrikoi honen seigarren edizioa izanen da, eta askok mendi gainean emango diote hasiera asteburuan Irurtzunen ospatuko diren Trinitateko festei.

Korrikalariak goizeko 10:00etatik aurrera aterako dira aska plazatik, baina dortsalen banaketari goizeko 9:30ean ekingo diote. Ergako Trinitateko baselizara igo beharko dira, 3 km eta 500 metroko desnibel positibo osatu eta gero. Banaka aterako dira eta kronometratutako proba izanen da, bidean bilduko diren ikusleen txalo eta animo artean. Izan ere, giro oso polita izaten da proban, eta festei hasiera bikaina emateko modua da Ergara hurbiltzea. Bukaeran guztiendako otamena izango da Trinitateko baselizaren ondoan.

Aurreko urtean euripean jokatu behar izan zen proba eta hala ere 47 korrikalari animatu ziren. Azkarrenak Imanol Kañamares (23:58) eta Maria Loizu (30:36) izan ziren.