Nork jantziko ditu Irurtzungo txapelak?

Guaixe 2019ko eka. 14a, 13:00
Aurreko urteko finalistak.

Larunbatean, 17:30ean, gizonezkoen XXVII. Irurtzungo eta Arakilgo Txapelketako finalak eta estrainezkoz Emakumezkoen I. Domingo Nagore Memorialeko finalak jokatuko dira Irurtzunen. Soilik bi sakandar daude, Olaetxea unanuarra eta Arbizu etxarriarra

Azken hilabeteotan pilotaz gozatzeko aukera paregabea izan da Irurtzunen. Izan ere, urtero moduan, afizionatuen mailako pilotari onenak lehiatu dira Irurtzungo eta Arakilgo Pilota Txapelketan. 27. Edizioa bete du afizionatuen mailan izen handia duen txapelketa honek, baina Irurtzunen berdintasunean pausu bat eman dute aurrera eta aurten, lehenengoz, Emakumezkoen I. Domingo Nagore Memoriala antolatu dute, emakumezko pilotariek lau t’erdian jokatutako txapelketa. Txalotzekoa irurtzundarren ekimena.

Olaetxea eta Arbizu, sakandar bakarrak
Bada, orain arteko ligaxka, final laurdenak eta finalerdiak erabakita, larunbatean, Irurtzungo Trinitate festetan, bi txapelketako finalak egongo dira jokoan. Emakumezkoetan Maite Ruiz de Larramendi ameskoarrak Iera Agirre leitzarra izango du aurkari, eta ikusteko dago ea nor gailenduko den, beteranoa hala gaztea.

Gizonezkoetan bi ordezkari sakandar izango ditugu. Promesetan, Olaetxea unanuarrak Apezetxearekin osatuko du bikotea, Ruiz de Larramendi eta Azkarraga amezketarren kontra jokatzeko. Eta, seniorretan, Arbizu etxarriarrak Uribe izango du biko, Ongay satrustegiarra eta Bergera arruazuarra bidean utzi zituzten Iriarteren eta Sarasaren kontra egiteko. Aspaldiko partez irurtzundarrik gabe jokatuko dira finalak. Txapelketako partidak, orohar, eta finalerdiak, bereziki, oso paretsu eta lehiatuak izan ziren eta espero dezagun Irurtzunera hurbiltzen diren pilota zaleek finalean puntako partidez gozatzea.

Finalak
Larunbatean, 17:30ean, Irurtzunen

Emakumezkoen I. Domingo Nagore Memoriala
Lau t’erdian: Maite Ruiz de Larramendi / Iera Agirre

Gizonezkoen XXVII. Irurtzungo eta Arakilgo Txapelketa
Promesak: Ruiz de Larramendi-Azkarraga / Olaetxea-Apezetxea
Seniorrak: Iriarte-Sarasa / Uribe-Arbizu