Xotak zailtasun ekonomikoak dituela nabarmendu du Tatono Arregik

Guaixe 2019ko eka. 19a, 13:32

Xotako presidente Tatono Arregik eta Osasuna Magnako entrenatzaile Imanol Arregik prentsaurrekoa eman zuten denboraldiko balorazioa egin eta egungo egoeraren berri emateko

Xotak aurrera egiteko ʺzailtasun ekonomiko serioak” dituela nabarmendu zuten atzo Xotako presidente Tatono Arregik eta taldeko entrenatzaile eta aurrekoaren anaia Imanol Arregik. Denboraldiaren balorazioa egin eta egungo egoeraren berri emateko prentsaurrekoan aipatu zuen hori Tatono Arregik. ʺKlub hau ezin da aurretik hitz egindakoaz bizi, itxaropenez bizi” gaineratu zuen.

Tatono Arregik aipatu zuenez, hurrengo denboraldiko plantilla lotzeko zailtasun ekonomiko serioak dituzte. ʺPlantillaren eskeletoa berritzeko sekulako arazoak ditugu, beste talde batzuek dituzten aurrekontuen aurrean, eta ez soilik Inter, El Pozo edo Barcelona taldeak” aipatu zuen Tatonok. Presidenteak gaineratu zuenez, babesle eta esponsorrekin bildu dira, baita Osasunarekin ere, egoeraren berri emateko. ʺEgungo errealitatearen berri eman diegu eta argi dugu eurengan dagoela konponbidea” azpimarratu zuen Tatonok.

Usin eta Saldiseren berritzea, airean
Osasuna Magna Xotak ez daki oraindik zein aurrekontu izango duen hurrengo denboraldirako –bukatu berri den denboraldian historia egin zuen talde irurtzundarrak eta hirugarrena sailkatu zen ligan– eta talde berdeak oraindik ez daki zein plantilla izango duen hurrengo denboraldian. Alex Diz hegaleko jokalari galiziarraren, Adri Ortego defentsa madrildarraren eta Edu Souza atezain portugaldarraren bajak bete behar ditu taldeak, eta, horretaz gain, taldearendako ezinbestekoak diren bi jokalariren –Rafa Usin eta Dani Saldise– berritzean lan egiten du klubak. Bi jokalari hauen, Eric Martelen eta Roberto Martilen kontratuak hurrengo denboraldian despeditzen dira, eta gaur egun taldeak duen egoera ekonomiko larriarengatik ezin dituzte, momentuz, aipatu kontratuak berritu. ʺJokalari baten kontratua berritzera goazenean, ligako taldeen erdiek guk baino askoz ere gehiago ordaintzeko ahalmena dute. Taldeak gu baino lehenago hasten dira fitxaketak eta plantillak isten. Fitxaketak egiteko 5 jokalari nazionalen zerrenda prestatua neukan eta gure egoeragatik jokalariak banaka joan dira erortzen. Gu azken orduan ibiltzen gara fitxaketetan, eta zailagoa da. Horregatik sarritan beste merkatuetara joan behar izaten dugu, Brasilera eta abar” aipatu zuen Imanol Arregik. Horregatik, Araçak Xotan jarraitzeko izandako jarrera txalotu zuen. ʺHemen jarraitzea erabaki du denboraldiko 13.700 euro gutxiago irabazita, mahai gainean 4 urteko kontratua izanda. Gurean jarraitzeko egin duen apustua txalotzekoa da” aitortu zuen entrenatzaileak.

Nafarroa Arenari uko
Horretaz gain, eta egoera ekonomikoak bulkatuta, hurrengo denboraldian Nafarroa Arenan jokatzeko egitasmoari uko egin behar izan dio taldeak Nafarroa Arena kudeatzen duen Javier Lacunza eta bere taldearekin negoziazioak oso aurreratuta zeudenean. ʺPena handia ematen digu, kudeatzaileekin errespetuzko elkarrizketa eta negoziazio prozesu bikaina generamalako, eta alde horretatik eurek egindako lana eskertu nahi dugu, baina arazo ekonomikoak direla eta, ezinezkoa izan da” azaldu zuen. Anaitasunan aritzeak 32.000 euro inguruko kostua du Xotarendako eta kopuru horrek gora egiten zuen nabarmen Nafarroa Arenan. ʺEntrenatu eta jokatu ahal izateko ordaindu behar dugun talde bakanetakoa gara” kritikatu zuen. Imanol Arregik onartu zuen klubak Diego Mancuso jokalarian interes handia duela, baina jokalariak kontratua indarrean duela Pesarorekin eta etorriz gero, ʺdiru askori uko eginda” etorriko litzatekeela.

Jubenilen Xotak maila nazionalean aritzeari uko egin behar izan du klubak
Xota klubak dituen arrazoi ekonomikoengatik, jubenilek maila nazionaleko ligan aritzeari uko egin behar izan diote. Denboraldi bikaina egin zuen jubenilen Osasuna Xotak: Nafarroako liga irabazi zuen, ligan ez zuen partidarik galdu eta maila nazionaleko ligan jokatzeko sailkatu zen, baina arrazoi ekonomikoengatik bertan aritzeari uko egin diote eta Nafarroako txapelketan lehiatzen jarraituko dute Xotako jubenilek.