Maria Loizu eta Ion Urra garaile Irurtzungo Trinitate igoeran

Guaixe 2019ko eka. 20a, 16:37

Ergako maldetan jendetza zegoela jokatu zen Ergako Trinitate Igoera

Guan taldeak, Irurtzungo Udalaren eta hainbat babesleren laguntzarekin antolatuta, larunbatean jokatu zen Trinitateko Igoera, izen bereko festei hasiera emanez. Goizeko 9:30ean korrikalariak biltzen hasi ziren, dortsalak jaso eta 10:00etan hasiko zen probarako prestatzeko. Aska plazatik aterata, Ergako Trinitateko baselizara igo behar ziren, banaka, kronometratutako proba baita (3 km, 500 m desnibel +). Eguraldia lagun, jende asko bildu zen Ergarako bidean, proban aritu ziren korrikalariak animatzera, eta sekulako giroa sortu zen.   

Denbora oso onak
Guan taldeko Roberto Martilek adierazi duenez "sekulako giroa egon zen, beti bezala, eta kronoigoeran denbora bikainak egin ziren".
Gizonezkoetan Ion Urra izan zen azkarrena (23:28), Imanol Kañamaresen (24:13) eta Mikel Rubioren (24:18) aurretik. "Egia esan, sorpresa eman du Ion Urrak, Kañamares eta Rubio faboritoak baitziren, aurreko edizioetan garaileak izan baitira, baina Urrak erritmo biziarekin osatu zuen proba, eta merezitako garaipena lortu zuen" aipatu digu Martilek. Emakumezkoetan, Maria Loizu (28:19) gailendu zitzaien Haizea Ramirez de Alda altsasuarrari (28:39) eta Amaia Seminariori (32:49). "Loizuk bigarren urtez jarraian irabazi zuen, baina Ramirez de Alda gertu izan zuen, biek denbora bikaina egin baitzuten" azaldu du Martilek.
Bukaeran, Ergako gainean bildu ziren korrikalari guztiak eta ikusleak eta hamaiketako bikainaz gozatu zuten.  Talde argazkia ateratzeko tartea izan zuten eta ondoren herriko bidea hartu zuten, festarekin segitzeko.