Txupinazorako bi hautagai

Guaixe 2019ko eka. 20a, 19:57

Iratxo mendi taldea eta Pablo Burgi dira proposatutakoak.

Herriko festetako hasierako etxajua zeinek piztuko duen erabakitzeko bi proposamen dituzte irurtzundarrek. Kultur Kontseiluak, alde batetik, Iratxo mendi taldea proposatu du, Sakanako Ibilaldi Handia mendi probaren antolatzen emandako 30 urteengatik. Etxajua pizteko beste proposamena Pablo Burgi da, “Irurtzunen jarduerak egiteko erakutsitako prestutasunagatik eta emandako laguntzagatik”.

Irurtzundarrek bi hautagaietako baten alde botoa emateko aukera dute astelehenera arte. Herrian erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek dute botoa emateko aukera. Hiru bide daude horretarako: telefono mugikorretako Irurtzun aplikazioaren bidez, www.irurtzun.eus web orriaren bidez edo udaletxetik pasatuz. Botoa emateko nortasun agiria, lehen abizena eta jaiotze data eman beharko dira. Emaitzaren berri aipatu aplikazioan eta web orrian emanen du udalak.

Aurreneko urtea da Irurtzungo Udalak parte-hartze prozesua martxan jarri duena festetako hasierako etxajua zeinek piztuko duen erabakitzeko. Irurtzundarren proposamenak Kultur Kontseiluan aztertu eta gero egin dira publiko.