Iratxo Botxa Txapelketa: AHTrik Ez txapelduna

Guaixe 2019ko eka. 27a, 16:11

Larunbatean jokatu ziren Iratxo Botxa Txapelketako finalak eta AHTrik ez taldea izan zen txapelduna, Tximeletari irabazi eta gero.

Irurtzungo Iratxo elkarteko botxategian mugimendu polita egon da asteburuan. Maiatzaren 25ean hasitako Iratxo Botxa Txapelketako finalerdiak eta final handiak jokatu dira. Aurten 3 kidez osatutako 7 taldek hartu dute parte petanka antzeko joko tradizionalean, eta ligaxka jokatuta, txapelketak azken txanpa bizi izan zuen larunbatean. Ostiralean finalerdien txanda izan zen, eta, larunbatean finalak jokatu ziren.

Lehenik eta behin 3. eta 4. postua erabakitzeko partida jokatu zuten finalerdietako galtzaileek. Migelek, Txutxurrinek eta Edurnek arantza atera zuten eta 20 eta 10 irabazi zieten Desesperados taldeko Txeliri, Tereri eta Mari Juanitori. Eta final handian, AHTrik ez eta Tximeleta aritu ziren. Pakita, Alizia eta Josunek jokatu zuten Tximeletan, AHTrik Ez taldeko Iñaki Arroki, Marivi Astiz eta Mikel Goldarazenaren kontra. Mari Terez ere AHTrik Ez taldekoekin aritu zen. Partida bizian, azkenean AHTrik Ez taldekoak izan ziren txapeldunak, 20 eta 8 irabazita. Ondoren, sari banaketa ekitaldia hartu zuen Iratxok.