Mugimenduak Osasuna Magna Xotan

Guaixe 2019ko uzt. 10a, 13:12
Mancuso.

Mario Almagro eta Mancuso iritsi dira, Adri Ortego Bartzelonara itzuli da eta Iñigo Iribarrenek Antequeran jokatuko du, utzita

Osasuna Magna Xota taldeko futbolariek oporrak dituzte, baina bulegoetan ez dago atsedenik eta mugimendua handia da. Horrela, bi jokalari berri iritsi dira Tatono Arregik gidatzen duen taldera eta beste bik bide berria hartuko dute.

Mario Almagro jokalaria da Xotara iritsiko den lehen jokalaria, Betis Futsal taldeak urte baterako utzita. 20 urte ditu atezain madrildarrak eta Valdepeñasera joan den Edu Sousaren tokia beteko du. Aldiz, Osasuna Magna Xotak egin duen lehen fitxaketa Diego Brandao ʺMancuso” jokalariarena da. Brasildarra da, baina Portugalgo pasaportea du. Liga garrantzitsuetan esperientzia handia du Mancusok, Portugalgo eta Italiako ligetan aritu baita. Horretaz gain, Iran, Kuwait eta Txinako txapelketetan aritu izan da eta Italiako ligako txapeldun izan den Pesaro taldetik dator Osasuna Magna Xotara, Imanol Arregiren taldearen erasoko lehen lerroa indartzera.

Mancusok azaldu du ʺoso pozik” dagoela ʺmunduko ligarik hoberenean jokatzeko pribilegioa” izango delako. ʺBetetako ametsa da, eta Osasuna Magna bezalako klub historiko batean aritzea ardura handia da, ilusio handiarekin hartu dudan erronka. Nire familia eta ni oso kontentu gaude eta klubari eta Imanol Arregiri eskerrak eman nahi dizkiot nigan konfiantza izanagatik. Trukean profesionaltasuna, lana eta anbizioa eskainiko dizkiot taldeari. Une honetatik aurrera beste nafar bat naiz” gaineratu zuen.

Bestalde, bi baja daude. Adri Ortego atzelaria bere taldera itzuliko da, Barcelona Lassara. Utzita etorri zen talde berdera Ortego, eta Barcelonarekin kontratua duenez, bere jatorrizko taldera itzuliko da. Onena opa diote Xotatik. Bestalde, Xotako jokalari Iñigo Iribarrenek Besoccer UMA Antequeran jokatuko du hurrengo denboraldian, Xotak utzita.

Aurredenboraldia zehaztuta
Imanol Arregik Osasuna Magna Xotaren aurre denboraldia zehaztu du. Talde berdearen entrenamenduak abuztuaren 12an hasiko dira, eta irailean liga hasi bitartean 4 lagun arteko partida jokatuko ditu Osasuna Magna Xotak: abuztuaren 17an Barcelona Lassaren kontra ariko da Palau Blaugranan; abuztuaren 22an Futbol Emotion Zaragoza izango du aurkari Figueruelasen; abuztuaren 24an Peñiscola Rehamedicen kontra lehiatuko da Peñiscolan; eta abuztuaren 28an Osasuna Magnak Peñiscola Rehabmedic taldearen bisita hartuko du Noainen.

Horretaz gain, abuztuaren 31n Nafarroako Areto Futboleko Kopako finalerdia jokatuko du Osasuna Magna Xotak San Juan taldearen kontra Iruñean, eta, irabaziz gero, irailaren 6ko finalerako sailkatuko litzateke talde berdea. Beste finalerdiko irabazlea, Aspil Vidal Ribera de Navarra edo Tafatrans Tafalla izango luke arerio.