Etxajua piztu zuen Pablo Burgi Ronkalek hunkituta eskerrak eman zizkien herriko taldeei eta bere alde bozkatu zuten irurtzundar guztiei. "Gora Irurtzun eta Gora herria" oihu eginez piztu zuen festei hasiera eman zien etxajua. Hura lehertu eta segituan EZK txaranga, fanfarrea eta gaitariak plaza euren musikekin alaitzeko txandakatu ziren.
Haiekin batera kalejiran erraldoien konpartsa atera zen. Baina lau erraldoiak beharrean hiru izan ziren festan parte hartzera atera zirenak. Gartzia Ximenez erraldoia “etxean” gelditu zen. Irurtzungo erraldoien eta buruhandien konpartsak neurri horrekin eramaile falta dutela ikustarazi nahi izan zuen. Erraldoi bakoitzeko hiru pertsona behar izaten dira. Eta atzo bederatzi zeuden, eta haietako hiru iruindarrak ziren. Horregatik, konpartsakideak jendea eurekin bat egin eta erraldoiak kalera ateratzeko laguntza eman dezatela eskatu zuten.
Festen etxajua lehertu aurretik konpartsako kideek joan den urtean jaiotako umeei festetara ongi etorria emateko ttattarra eta euren ipuina oparitu zieten. 26 ume izan ziren euren guraso eta aiton-amonekin opariak jaso zituztenak.
Burgi
Herriaren alde egiten duen lana aitortu zioten Pablo Burgi Ronkali irurtzundarrek herri-bozketa bidez bera festei hasiera emateko etxajua pizteko aukeratu zutenean. Hainbat erakunderi laguntza ematen baitie: olentzero, errege kabalgata, ihoteetako txistorra-jana, Sakanako Ibilaldi Handia, pentsio duinen aldeko mobilizazioen berri emanez megafonia pasatzea edota udaletxeko balkoiko loreak eta herriko jardineretan dauden landareak ureztatzea. Itzagaondoko Erreta herrian sortua, Burgi 73 urte ditu ditu. Irurtzundarrak Inasan 38 lan egin zuen.