Irurtzunen mustuko da Nafarroako Komunitateko Erremonte Torneoa

Guaixe 2019ko uzt. 19a, 10:25

Gaur, ostiralean, 19:00etan hasiko da jaialdia, festen egitarauaren barruan. Hasieran eskupilotako partida jokatuko dute Ollok eta Bergerak Ongayren eta Arbizuren kontra, eta gero, erremontean, Urrizak eta Etxeberria III.ak Uterga eta Azpiroz izango dituzte aurkari

Irurtzungo festetan kirolak garrantzia izango du. Gaur, arratsaldeko zazpietatik aurrera, pilota eta erremonte jaialdi bikaina hartuko du Biaizpe pilotalekuak.

Lehenik eta behin, afizionatuen mailako pilota bikaina jokatuko dute, tartean Irurtzun klubeko pilotariak daudela: Ollok eta Bergerak Ongay eta Arbizu izanen dituzte aurkari. Eta, ondoren, Nafarroako Komunitateko Erremonte Torneoko lehendabiziko jardunaldia jokatuko da. Urrizak eta Etxeberria III.ak bikotea osatuko dute, Utergaren eta Azpirozen kontra aritzeko.