Osasuna Magnak eta Aspil Vidal Ribera de Navarrak Nafarroako Kopako finala jokatuko dute bihar

Guaixe 2019ko ira. 5a, 16:55

Bihar, ostiralean, 20:00etan, Nafarroako Areto Futbol Kopako finala jokatuko dute bi taldeek Miguel Indurain Belodromoko kiroldegian

Lehen Mailako Areto Futbol 2019/2020 denboraldia hurrengo astean hasiko da, baina aurretik aurredenboraldi eta lagunarteko partidetan murgilduta dabil Osasuna Magna Xota. Talde berdeak Nafarroako Areto Futbol Kopako finalerdiko kanporaketa jokatu zuen berriki, eta Imanol Arregiren mutilek 3 eta 7 irabazi zioten San Juan taldeari. Irurtzungo entrenatzaileak harrobietako jokalariak atera zituen kantxara, Iñigo Fernandez, Angel Maria Villar, Ion Cerviño eta Eneko Morgado, eta garaipena lortu eta esperientzia ederra izan zen eurendako. 

Nafarroako Areto Futboleko Kopako finala bihar, ostiralean jokatuko dute Osasuna Magna Xotak eta finalerdietan Tafatrans Vulcanizados Ruiz taldea mendean hartu zuen Aspil Vidal Ribera Navarrak. Arratsaldeko zortzietan jokatuko da, Tafallako Miguel Indurain Belodromoko kiroldegian, eta hurrengo astean hasiko den liga prestatzeko aukera bikaina izango da bi taldeendako. 

Abonu kanpaina martxan
Irailaren 13ra bitartean Osasuna Magna Xota taldearen partidak ikusi ahal izateko abonu kanpaina berria jarri du martxan. Interesatuek Iruñeko bulegoan 18:00etatik 20:00etara egin ahal izango dute abonua eta Irurtzungo bulegoan ere ordutegi berberean, 18:00etatik 20:00etara.