“Poztasuna sentitzen da odola ematerakoan, sekulakoa gainera”

Munia El Marhoum Iruretagoiena 2019ko ira. 6a, 11:49

Pilar Sanchez irurtzundarrak 100 aldiz odola emateagatik domina jaso berri du, eta zenbakiaz harro dagoen arren, naturalki ateratzen zaiola dio odola ematea. Bere senar den Luis Sarasola ere 150 odol ematetara heldu da. Odola ematearen garrantzia goraipatzen dute biek.

1. Noiz eta nola hasi zinen odola ematen? Nolakoa izan zen hasiera?
Pilar Sanchez. Data zehatza ez dut gogoratzen baina ez nintzen goiz hasi, ezkondu eta gero izan zen, lehenago ez nintzelako pisu minimora heltzen, 47 kilo pisatzen nituen! Baina beranduago apendizitis ebakuntza izan nuen, eta horrekin pisua igo eta odol emaile egin ahal izan nuen, baina nire ilusioa lehenagotik ere odol emaile bihurtzea zen.

2. Erreferenterik izan zenuen, inspiratu zintuen norbait?
P. Nire familian ez nuen eredurik izan, ez gurasoak, ez anai-arrebak, inor ez. Baina nire senarra ikusten nuen, orduan oraindik mutil-lagun zena, odola ematera joaten zela eta inbidia ematen zidan, nik ezin nuelako orduan. Gerora utzi zidatenean poztu nintzen, eta zera pentsatu nuen: "urtean behin eman ahal badut ongi, bitan bada hobeto!"

3. Zein arrazoi izan zenituen odola ematen hasteko?
P. Ez nuen arrazoi askorik edo espezialik izan, egia esan, bakarrik pentsatu nuen: nire pausu txiki honekin beste pertsona baten bizitza salbatu ahal badut, zergatik ez? Ez nuen beste ezer behar izan animatzeko. Eta gainera, nire senarra nuen eredu lehenago ere, eta berak ere animatu ninduen.

4. Zer sentitzen da odol-emaile izanda?
P. Poztasuna sentitzen da odola ematerakoan, sekulakoa gainera. Nire senarrak beti esaten du arintasuna sentitzen duela.
Luis Sarasola. Nik, batez ere, betetasuna; baina gainera odola eman eta gero gorputza arin arin geratzen zaidala sentitzen dut, luma bat izango banintz bezala, airean flotatzen zaudela ematen du.

5. Zein ezaugarri bete behar dira odola emateko?
P. Bete beharreko ezaugarri bakarrak dira 18 urtetik gora izan eta 50 kilo baino gehiago pisatzea, horiek biak betetzea nahikoa da.
L. Gainera, odola eman eta gero ogitartekoa eta edaria jatera joan eta lasai egon besterik ez da egin behar. Nik beti gomendatzen diot jendeari, eta batez ere odol-emaile berriei, likido asko edateko eta egun berean kirolik ez egitea.

6. Badago odol ematea atzera bota dezakeen zerbait? Zuri noizbait gertatu zaizu?
P. Emakumeetan zailagoa da odola eman ahal izatea hainbestetan, hilekoengatik edo haurdunaldiengatik, besteak beste. Hortaz aparte, ni behin edo behin atzera bota naute nire zainak finak direlako, eta behin baino gehiagotan hautsi ere egin dizkidate. Baina bestela ez dut inolako arazorik izan odola ematen hasi nintzenetik.
L. Ez, nik ere ez dut izan inolako arazorik odola ematen daramatzaten 45 urtetan.

7. Elkarrizketa hau egitearen arrazoia 100 aldiz odola eman izana da. Nola sentitzen zara kopuru honetara heldu izanaz, eta aitorpen hau jaso izanaz?
P. Ez dut aitorpenarengatik egiten, inporta zaizuna ez da domina bat lortzea. Baina egia da ongi hartzen dela horrelako zerbait, eta gainera horrelako helmuga bateraino heltzeak zeure buruaz harro sentitzera eramaten zaitu. Oso gustura sentitzen zara.
L. Dominak banatzeko emanaldia ikusgarritasun gehiago emateko egiten da, batik bat. Orain dela 4 urtera arte dominak herri bakoitzean ematen ziren, bertako jendeari. Baina publizitate gehiago ematearren eta horrela odol emaile gehiago erakartzearren, garagartzaroaren 14ean nazioarteko odol ematearen egunarekin batera, dominak Iruñean ematea erabaki zen, Baluarten. 

8. Zaila da 100 aldiz odola ematera heltzea ezta? Nola lor daiteke hori?
P. Aferesia izeneko odol ematearekin plaketak eta plasma gainontzeko odoletik banatzen dituzte, beharrezkoa lortuta gainerakoa gorputzera bueltatuz. Odol-emate tradizionala baino suabeagoa denez maiz egin daiteke, 45 egunetik. Horregatik, aferesia eta odol-ematea konbinatuz lor daiteke horrenbeste aldiz odola ematea.

9. Noizbait imajinatu al zenuen honaino helduko zinenik?
P. Ez, egia esan naturalki atera zait, ez da inoiz pentsatzen zenbakietan, edo helburu altu batean hasieratik. Ondoren zenbaki altu batera heltzean egia da pentsatzen hasten zarela "ea 50era heltzen naizen" edo "ea orain 100era!", baina ez da inoiz arrazoi nagusia. Nire kasuan zainak txikiak nituenez 94. odol-ematean baja emango zidatela esan zidaten Iruñean. Baina 100 emate horren gertu izanda, hona datorren autobusean ematen jarraitu nuen meta horretara heltzeko. Eta azkenean zeure buruaz harro sentitzen zara horrelako helburu bat jarri eta lortzeaz.

10. Garrantzitsua al da zure ustez gurea den moduko gizarte batean odol emaile izatea?
P. Bai, oso garrantzitsua da, eta baita agerikotasuna ematea egiten den lanari. Egiten den lan guztia ezagutzera emango ez balitz, ez litzateke inor animatuko odol emaile izatera, eta tristea izango litzateke odola behar den momentuan eskura ez izatea. Benetan familiarteko baten batek beharra duenean konturatzen gara zeinen garrantzitsua eta beharrezkoa den horrelako sare bat izatea. Momentuan ez zaigu gustatzen soldatatik kopuru bat hilero kentzea, baina diru hori ez da desagertzen ari, ondoren behar dugunean bueltatzen zaiguna askoz ere balio handiagokoa baita.
L. Oso-oso beharrezkoa da, izan ere, odol bankuek edo transplanteek gehien behar direnean hor egon behar dute, edozein minbizia edo gaixotasunetan behar delako. Azken finean, hil edo biziko kontua da. 

11. Zein ondorio izango lituzke odol bankuen desagerpenak?
P. Pena handia emango lidake odol bankuen desagerpenak, eta jendeak odola emateari uzteak, ezinbestekoa den zerbait delako. Nondik atera daiteke odola bestela? Ez dago beste erremediorik, ezin da artifizialki laborategietan sortu. Jendea borondatez doa odola ematera eta horretan oinarritzen da sistema guztia.
L. Noizbait odola behar badut ez dakit niretzako egongo den, baina nik eman egiten dut. Lagunekin hitz egitean beti esaten dut gauza berbera: “nik zugatik ematen dut odola, niregatik nork emango du?”. Eta haien erantzuna eslogan hori luzea dela. Hala da, baina denean gertatzen da berdin. Lagunekin zerbait hartu eta zuk ordainduko duzula esaten duzunean bezala, hurrengoan besteak ordainduko du, eta listo.

12. Zer esango zenioke jendeari odola ematera anima dadin?
P. Zalantzan dagoenari: ez da ezer, benetan, eta poztasun ikaragarria ematen du horren keinu txikia eginez horrenbeste laguntzeak. Ilusio handia egiten du gainera kopuru batera heltzeak eta atzera begiratzean horrenbesterako ere ez zela konturatuko zara. Garrantzitsuena da informazioa lortzea, eta dena nola doan jakitea, seguru sentitzeko. Uste baino errazagoa da odola-ematea, eta jende gaztea animatu behar dugu, nagusiok uzten hasten garenerako.
L. Hastea zaila izan daiteke, baina bizpahiru aldiz egin eta gero asebetetze izugarria sentitzen da, eta esandakoa, jende gaztea animatu dadila!