Lau irurtzundar Osasuna Magna Xotan

Guaixe 2019ko ira. 11a, 13:53

Asteburuan ekingo dio talde berdeak Areto Futboleko Lehen Mailako 2019/2020 denboraldiari. Plantilla mugatuagoa izango du Imanol Arregik baina helburuak berberak dira: Espainiako Kopa eta   ligako titulua erabakitzeko play-offetarako sailkatzea. Llamas, Martil eta Saldiseri Cerviño irurtzundarra gehitu zaie talde nagusian

Osasuna Magna Xotak 2019/2020 denboraldiko aurkezpena egin zuen asteartean Nafarroako Unibertsitate Klinikan. Imanol Arregi entrenatzaile irurtzundarrak bere 19. denboraldia osatuko du talde berdeko entrenatzaile lanetan. 13 jokalari izango ditu bere esanetara, horietatik bi berri: Mario Almagro atezain madrildarra eta Diego Mancuso hegal-pibot brasildarra. Aurtengoa, beraz, plantilla motzagoa da, izandako hiru bajetatik soilik bi ordezkatu ahal izan baitira. Hala ere, gogotsu daude Irurtzungo taldean. 

“Guztioi gustatuko litzaiguke gutxienik fitxaketa bat gehiago egitea, baina egoera eta baldintzak halakoak dira” azaldu zuen teknikariak. Inoiz baino gehiago harrobira jo beharko du teknikariak, asteburu honetan hasiko den denboraldi gogorrari aurre egiteko. “Gaudenak gaude, eta harrobietako jokalariak. Lesioak ez egoteko otoitz egin beharko dugu. Horrela gertatzen bada eta ongi aritzen bagara, lehendabiziko zortzi postuetan egoteko borrokan egongo gara” gaineratu zuen. 

Nahiz eta plantilla justua izan, helburuak aurreko urteko berberak dira: Espainiako Kopa jokatu ahal izateko borrokatzea eta ligako titulua erabakitzeko play-offetarako sailkatzea, hau da, lehendabiziko 8 postuetan. “Oso tenkorrak gara eta partida bakoitzean duguna emango dugu. Gure akats eta bertuteekin egoerari aurre egiten saiatuko gara. Eta, bereziki, gure afizioari alaitasunen bat ematen saiatuko gara” aitortu zuen. 

Osasuna futbol taldeko presidenteorde Miguel Cuestak azaldu zuen Irurtzungo kluba babesten jarraitzeko asmoa dutela. “Babes hau mantentzen jarraitu nahi dugu, Xotak dituen baloreak –lana, umiltasuna eta harrobia– guztiz partekatzen ditugulako. Eurek kamisetan Osasunaren armarria eramateak harrotzen gaitu” nabarmendu zuen. 

Xotako presidente Tatono Arregik azaldu zuen “baloreei egunero elikatu behar direla, leialtasuna eta konpromiso pertsonalak bezala”. Hala ere, zailtasun guztien aurrean kluba indartu egiten dela azpimarratu zuen. “Gure onena emango dugu” gaineratu zuen presidente irurtzundarrak. 

4 jokalari irurtzundar plantilla nagusian
Osasuna Magna Xotako lehen mailako plantilla osatzen duten 13 jokalarien artean hiru irurtzundar daude: Asier Llamas atezaina, Roberto Martil atzelaria, taldeko kapitaina dena, Dani Saldise hegaleko jokalaria eta aurten harrobitik igo eta talde nagusiarekin estreinatu zen Ion Cerviño atzelaria. Lehen mailako taldean 4 irurtzundar aritzea handia da, Xotak harrobian egiten duen lan handiaren erakusle. Haiekin batera, ondokoek osatuko dute plantilla: Mario Almagro atezain madrildarrak, Araça atzelari brasildarra, Juninho atzelari brasildarra, Alex Llamas hegaleko jokalari bartzelonarra, Bynho hegal brasildarra, Rafa Usin hegal-pibot madrildarra, Eric Martel pibot bartzelonarra, Iñigo Fernandez hegal otsagiarra eta Diego Mancuso hegal-pibot brasildarra. Imanol Agirre irurtzundarrak bere 19. denboraldia osatuko du Xota entrenatzen, Miguel Hernandez bigarren entrenatzaile iruindarrarekin batera. 

Ostiralean hasiko da liga, Cordobaren kontra
Ostiralean ekingo dio Osasuna Magna Xotak 2019/2020 denboraldiko Espainiako Lehen Mailako Areto Futboleko Ligari. Aurten mailaz igo den Cordoba izango dute aurkari berdeek, 21:00etan Vista Alegre aretoan jokatuko den lehian. Partida konplikatua aurreikusten du Imanol Arregik.