"Haurrak gurekin ateratzeko mozorro baten bila ari ginen". Txape Iriarte Orritz-Iskidi taldeko sortzaileetako bat izan zen duela hogei urte inguru. Gaur egun, taldean jarraitzen du ideia "eroak" sortuz. Baina haren ideiak ez ziren posible izango atzean duen guraso eta haur talderik gabe. denek batera sortu dute artzain bat, ardiak eta izaki mitologikoak protagonistak dituen kaleko ikuskizuna. Nafarroako Gatzaren festan mustu zuten ikuskizuna, baina "entsegu orokorra" izan zela diote taldean. Su proba asteburuan ospatutako Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia izan zen. "Esperientzia ikaragarria izan da".
Ideia Bilbon sortu zen. Orritz-Isikidiko pertsonaiak hiriaren Olentzeoarendako gutun bilketan aritu ziren, eta bertan Txalokako "artzaina, txakurra eta hiru ardi" zeuden. "Ardi horietan arreta jarri nuen". Iskidiko izakiekin bat egin zezaketela irudikatzen zuen: basajaunarekin, ardiak jan nahi dituen Gizotsoarekin, Tartalorekin... Haurrendako mozorroa aurkitu zuten.
Dantza eta folklore taldeak eskolaz kanpoko ikastaroak egiten ditu. Hortaz, haurrei zanpazarrak eramaten erakusten diete. "Baina batzuetan aspergarriak dira, eta trikimakoetan ibiltzen irakasten hasi ginen". Trikimakoekin ibiltzeko pertsonai bat behar zuten. Aurretik ere Galtzagorriak egin zituzten taldeko txikienek eramateko, Iskidiko familia handituz. "Hogei urte hauetan pertsonaiak batuz joan dira".
Familia handia
Hogei ardiek osatzen dute Ardien transhumantzia eroa ikuskizuna, eta hogei ardi horien atzean beste hainbat ama, aita eta lagun daude. Izan ere, ardiak zazpi eta hamabi urte bitarteko haurrak dira. Txaloka antzerki taldeak ere Iskidiren ikuskizun ibiltarian parte hartzen du. Gainera, haurrei clown ikastaroa eskaini zien, eta ikuskizuna sortzeko behar zuten materiala utzi zien ere. "Gure trikimakoak etxean egindakoak ziren, egurrezkoak. Txalokako Iurek profesionalak erakutsi zigun, eta azkenean erosi genituen". Antzerki taldearekiko harremana "oso ona" izan dela esan dute Orritz-Iskidiko taldekideek. Hasieratik prestutasuna agertu dutela esan dute. "Haiek profesionalak dira".
Ardien transhumantzia eroa ikuskizunak, izenak dioen bezala, ardien ibilbide bat kontatzen du. Artzain "ero" batek gidatzen ditu ardiak, Basajaun eta Basandererekin batera. Hortik zehar ere Akerbeltz egoten da, nahiz eta batzuetan "gidatu baino, gehiago mugitzen dituen ardiak". Bidean izaki mitologikoekin elkartzen dira: ardiak jan nahi dituen Gizotsoarekin, Tartalorekin, hemendik hona ibiltzen diren Galtzagorri eta Mikelatsak...
"Jantzia ikusi genuenean pentsatu genuen: Baina nora zoaz horrekin". Ardien hogei jantziak Iskidiko familiek eta lagunek egin dute. Ana Carmen Aizpun jostunak ere modu "altruistan" parte hartu du sorkuntzan. "Orritzeko jantziak egin zituen, eta orain ardienak egin ditu ere". Josteari gustua hartu omen diote, eta nekazari jantziak egiten "saiatuko" dira ere.
Asteburua elkarrekin
Antzezlan batean aritzeak haurrei onurak ekartzen dizkiela ziurtatu du guraso taldeak. Lotsak kentzeko eta jendearekin aritzeko laguntzen diela esan dute. "Nire alaba, esaterako, oso lotsatia da eta honekin ikusi dut ireki dela, eta nolabait lotsa hori kendu duela". Izan ere, ardiak makillatua doaz eta horrela "desinhibitzen" direla esan dute.
Harremanetarako sor ditzakeen onurak ez ezik, taldean aritzera eta elkarrekin bizitzera eta aritzera ikasten dutela esan dute gurasoek ere. "Getxon asteburu oso bat pasa dute elkarrekin, eta asko ikasi dute. Badakite bakoitzak bere gauzak hartu behar dituela, beste edozein amak edo aita errieta bota dezakeela...".
"Askotan" egiteko ikuskizuna da Ardien transhumantzia eroa. Dagoeneko hainbat emanaldia aurreikusi dituzte.