Osasuna Magnak punturik gabe ekin dio denboraldiari

Guaixe 2019ko ira. 16a, 10:17

Aurten lehen mailara igo den Cordobak 8. minutuan sartutako gola nahikoa izan zen 3 puntuak Andaluzian gelditzeko. Larunbatean talde berdeak Burela hartuko du Anaitasunan

Asteburuan hasi zen Lehen Mailako Areto Futboleko 2019/2020 liga. Osasuna Magna Xotak Andaluzian ekin zion denboraldiari, bigarren mailatik igo den Cordoba taldearen etxean. Imanol Arregi entrenatzaileak esana zuen, Cordobaz ez zela fio, eta horrela suertatu zen, mailan debutatzen zuen taldeak 8. minutuan sartutako gola nahikoa izan zuelako 3 puntuei eusteko. 

Partidako lehen gol aukerak Osasuna Magnarenak izan ziren, Eric Martelenak eta Roberto Martilenak, baina segidan, 8. minutuan, Cordobako Manu Lealek Mario Almagroen atea zulatu zuen eta 1 eta 0 aurreratu zen Cordoba. Hortik aurrera, behin eta berriz saiatu ziren Imanol Arregiren mutilek, baina Cristian Ramos atezainak bikain zaindu zuen Cordobaren atea, geldialdi bikainak egin zituen eta berdeek ezin izan zuten Cordobako atea zulatu. Imanol Arregik atezain-jokalariaren formula erabili zuen eta partida berdintzear egon ziren nafarrak, baina atzera ere Cristianek Cordobaren atea ezin hobe defendatu zuen. 

Larunbatean Burela hartuko du Osasuna Magnak etxean
Horrela, punturik gabe itzuli zen talde irurtzundarra Cordobatik. Lehen jardunaldia jokatuta, Barça da liderra (3 puntu) eta Osasuna Magna 13.a da, punturik gabe. Larunbatean ligako 2. jardunaldiko partida jokatuko du Osasuna Magna Xotak etxean. Berdeek Ruben Burela taldea hartuko dute 20:00etan Anaitasuna Pabilioian hasiko den partidan. Lehen jardunaldian ere galdu egin zuen Burelak, eta bi taldeek lehendabiziko puntuak lortzeko dena emango dute.