ARETO FUTBOLA

Osasuna Magnak Burelaren kontra garaipen garrantzitsua lortu zuen

Guaixe 2019ko ira. 23a, 13:20

Lehen mailako Areto Futboleko Liga. 2. jardunaldia: Osasuna Magna Xota 3 – Burela 1

Ligako lehen partidan Cordobaren kontra galdu izanaren arantza atera zuen Osasuna Magna Xotak aurreko larunbatean. Etxean jokatzen zuten ligako lehen partida zuten berdeek, eta 2.500 zale inguru bildu ziren Anaitasunan talde nafarra animatzera. Ez zen sorpresarik egon, eta zaleekin Burelaren kontrako garaipen ederra ospatu zuten Imanol Arregiren mutilek. 

Fernandez eta Cerviño lanera
Osasuna Magnako jokalariek gogotsu ekin zioten Burelaren kontrako lehiari, eta galiziarren atera gehiegi hurbiltzen hasi ziren berehala. Dani Saldise eta Alex Llamas jokalari lesionatuen bajak betetzeko burua ederki astindu behar izan zuen Imanol Arregik. Horrela, lehenik eta behin Iñigo Fernandez harrobiko jokalaria atera zen kantxara, eta Otsagikoak  jokaldi politak sortu zituen; gol bat sartzekotan izan zen. Baina Juninho izan zen Burelako atea zulatu zuen lehen jokalaria, Rafa Usinek jaurtikitako falta bat bikain errematatu eta gero. Tamalez, atsedenaldia baino lehen Burelak berdintzea lortu zuen eta bi taldeak horrela joan ziren aldageletara. 
Bigarren zatia hasi eta Burelako atea zulatzeko ahalegin guztiak egin zituzten berdeek. Azkenean, Araçak jaurtikitako cornerra ongi errematatu zuen Mancusok eta talde berdearen bigarren gola sartu zuen. Burelak borrokan jarraitu zuen eta Asierrek zaindutako atea etengabe eraso zuen, baina irurtzundarrak geldialdi bikainak egin zituen. Eta, bukatzeko, Martelek egindako hegaleko sake bat ongi irakurri zuen Mancusok eta hirugarren gola sartu zuen. Imanol Arregik 15 urte dituen Ion Cerviño harrobiko jokalari irurtzundarra kantxara ateratzeko tartea ere izan zuen. Eta horrela bukatu zen partida, 3 eta 1-eko garaipenarekin. 

15 urterekin lehen mailan
“Partida gogorra izan da, baina garrantzitsuena 3 puntuak eskuratzea zen eta lortu dugu” nabarmendu zuen Imanol Arregik. Harrobiko jokalariek egindako lanarekin kontentu zegoela gaineratu zuen. 
Nabarmentzekoa da Ion Cerviñok 15 urte dituela eta lehen mailako ligan debutatu duen jokalaririk gazteena dela. Etorkizun paregabea du atzelari irurtzundarrak, eta bera ere pozik zegoen debutatu izanagatik. Cerviño Espainiako 17 urtez azpiko selekzioarekin ere aritu izan da, eta harrobiko taldea eta lehen mailakoa tartekatuko ditu. 

Hurrena, Santa Coloma
Sailkapen orokorrean Barça da liderra (6 puntu) eta Osasuna Magna 6.a da (3 puntu). Hurrengo jardunaldian 4 punturekin sailkapenean 4.a den Santa Colomaren kontra jokatuko du Osasuna Magnak, ostiralean, 18:30ean, Katalunian.