Areto futbola

Osasuna Magna Xotaren gol festa ederra

Guaixe 2019ko ira. 30a, 11:19

Talde nafarrak 0 eta 5 irabazi zion Santa Colomari, Katalunian. Sailkapenean hirugarrena da Imanol Arregiren taldea eta larunbatean Cartagena hartuko du, Anaiatasunan

Osasuna Magna Xotarendako asteburu bikaina izan da hau. Lehen mailako ligako 3. jardunaldian, talde berdeak 3 puntu ekarri zituen Santa Coloma de Gramenetetik, Santa Colomari 0 eta 5 irabazi eta gero. Imanol Arregiren mutilek Santa Colomaren bolada ona zapuztu zuten. Aurretik jokatutako bi partidak irabazi zituen Santa Colomak, etxean jokatzen zuten, baina festa zapuztu zieten jokalari berdeek. Goitik behera gainera. 

Partida hasi eta berehala erasoan hasi ziren bi taldeak. Gol aukera ederrak sortu zituzten Kataluniakoek, baina nafarrak ez ziren atzean geratu. Azkenean, Araçak Santa Colomako atea zulatu zuen kontraeraso bat bikain aprobetxatu eta gero, eta berdeak gol bateko errentarekin joan ziren atsedenaldira. Bueltan, erasoek jarraitu zuten. Bynhok talde berdearen bigarren gola sartu zuen eta Santa Coloma Osasuna Magnaren atea zulatzekotan egon zen, baina Asierrek geldialdi bikaina egin zuen. Rafa Usinek Osasuna Magnaren hirugarren gola sartu zuen, eta partidaren azken minutuan beste bi gol sartzeko tartea izan zuten irurtzundarrek: Araça eta Mancuso izan ziren golegileak. Beraz, garaipen sendoa lortuta bueltatu ziren nafarrak. 

Cartagenaren kontra, larunbatean
“Garaipen garrantzitsua izan da; partida serioa jokatu dugu. Lehen zatian bi taldeak parez-pare ibili gara, baina bigarrenean gu hobeak izan gara eta oso kontentu nago mutilek egindako lanarekin” nabarmendu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak. Barçak jarraitzen du lehen mailako lider, eta Osasuna Magna Xota hirugarren postura igo da (6 puntu). Hurrengo jardunaldian talde berdeak Jimbee Cartagena taldea hartuko du Anaitasunan. Partida larunbatean jokatuko da, 18:00etatik aurrera, eta puntuak pilatzen jarraitu nahi dute irurtzundarrek. Puntu batekin sailkapenean 15.a da Cartagena, eta puntuak behar ditu; hortaz, partida oso konplikatua espero da.