Areto futbola

Goikoak Xota babestuko du

Guaixe 2019ko urr. 3a, 10:40

Xotak eta Goikoak akordioa sinatu dute eta hestekien etxea talde berdearen beste babesleetako bat izanen da

Xota klubeko presidente Tatono Arregik klub berdearen beste babesle baten berri eman zuen atzo. Goikoa hestekiak enpresa izango da talde berdeko babesle berria, aurrekoei gehituz. Arregik Zangozako enpresarekin akordioa sinatu zuen eta eskertuta azaldu zen. “Egoera konplexua bizi dugu eta bertatik ateratzeko babesletza berriak behar ditugu. Ziur nago aurrera aterako garela beti egin izan dugun moduan, finantziazio pribatuaren eta publikoaren laguntzarekin eta bazkideen babesarekin”. Babesle “fidel eta sendoak” dituztela gaineratu zuen, eta eskerrak eman zizkien. 

Rafa Usin, beste urte bat gehiago
Tatonok azaldu zuenez, Rafa Usinek beste urte bat gehiago jarraituko du Osasuna Magna Xotan, eta Roberto Martilen kontratua zabaltzeko negoziazioak ere martxan daudela aipatu zuen. Dani Saldiseri kontratua berritzeko negoziazioetan, aldiz, ez dago aldaketarik eta momentuz ez dago akordiorik. “Osasuna Magna Xotaren egitura mantentzea gustatuko litzaiguke, baina mailari eusteko 24 puntuak lortzea da ezinbestekoa orain” nabarmendu zuen presidenteak.