Areto futbola

Hirugarren garaipena jarraian: Osasuna Magnak 3 eta 1 irabazi zion Jimbee Cartagenari

Guaixe 2019ko urr. 7a, 12:53

Lehen mailako sailkapenean laugarrena da Irurtzungo taldea

Lehen Mailako Areto Futboleko 4. jardunaldia jokatu zen asteburuan. Osasuna Magna Xotak bolada onean jarraitzen duela erakutsi zuen eta hirugarren garaipena jarraian lortu zuen, Jimbee Cartagenari 3 eta 1 irabazi eta gero. Beraz, Imanol Arregiren taldearen bolada onak jarraitzen du. 

2.450 ikusle bildu ziren Anaitasunan norgehiagoka jarraitzera. Bi taldeak serio hasi ziren hasieratik eta aukerak sortu zituzten. Dani Saldise irurtzundarrak lortu zuen lehen gola, 10. minutuan, izkinako sake bat modu borobilean errematatu eta gero. Cartagenak ongi erantzun zuen, baina Asierrek ongi zaindu zuen berdeen atea. Osasuna Magnak ere bere aukerak izan zituen, baina markagailua ez zen lehen zatian gehiago mugitu. 

Bigarren zatian Cartagenakoak hobe atera ziren kantxara. Horrela, bana berdintzea lortu zuten. Osasuna Magna Xota erasoan hasi zen, eta gol jokaldiak sortu zituen, baina baloiak ez zuen sartu nahi. Azkenean, Dani Saldisek, Eric Martelen pase bikaina ongi aprobetxatu zuen eta bigarren gola sartu zuen. Eta Araçak berdeen hirugarren gola lortu zuen. Horrela despeditu zen partida. 

Imanol Arregi entrenatzailearen iritziz, “garaipena justua” izan zen. “Taldeak irabazteko moduko partida egin du. Partida bukaerara beraiek baino justuago iritsi gara, beraiek errotatzeko jokalari gehiago zituztelako. Guretzat, ordea, partida bakoitza gerra bat izango da denboraldi osoan. Beste aldetik, eta dugun plantila justua kontuan hartuta, eta 2 jokalari lesionatuta ditugula kontuan hartuta, garaipen bakoitzak zapore hobea du” nabarmendu zuen entrenatzaile irurtzundarrak. 

Hurrena Levante, ostiralean Iruñean
Barça da lehen mailako areto futboleko liderra (15 puntu). Osasuna Magna laugarrena da (9 puntu). Ostiralean, atzera ere Osasuna Magnak etxean jokatuko du. 7 punturekin sailkapenean bosgarrena den Levante taldea hartuko du, 20:30ean, Anaitasunan. Arerio zuzenen arteko lehia da eta, beraz, jokoan dauden 3 puntuak urrezkoak izanen dira.