Itxipuru taldeak antolatzen duen bigarren eskuko azokak 17 urteko ibilbidea egina du; urteko urtaro bakoitzeko bana. Alfredo Prieto taldekideak azaldu digunez, "beste kontsumo eredu bat bilatzen hasteko" premiak bulkatu zituen. "Urte hauetan kontsumoan eta azokan bertan garapen handia egon da, jaso ditugun proiektu eta produktuetan". Itxipurukoek azken hiru urteetan azoka aldatu beharra zegoela sumatu zuten eta, hala, haiek antolatzen badute ere, edozeinek eraman dezake bere objektu edo arropak eta han saldu, "espazioa jendearena. Gauzak berrerabiltzearen filosofiari eutsi behar diote postua jartzen dutenek. Batzuk gauzka oparitzen dituzte, besteek saldu. Jendeak ematen dion bizitza du azokak".
Itxipurukoekin batera, besteak beste, postua jarriko dutenak Pikuxar euskal txokokoak izanen dira. Bai haiek, bai Aizpea, Irurtzungo euskaltzaleen topagunea, bai Sakanako AEk, Mintzakidek, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun eta Euskara zerbitzuek eta Guaixek bat egin dute eta guztien artean (L) Aniztasun Festa antolatu dute azokaren baitan.
Hizkuntza aniztasuna
Bigarren eskuko azokaren baitan eta Guaixe hedabidearen 25. urteurrena dela eta, (L) Aniztasunaren Festa ospatuko da. Hainbat erakundek bat egin dute haren antolakuntzan. Aizpeako Nerea Baldak esan digunez, "guk euskararen aldeko ekintzak antolatzen ditugu normalean. Baina gure inguruan badira beste hizkuntza batzuk. Ongi ikusi genuen aniztasun festa antolatzea". Bat egin du berarekin Pikuxarreko kide Zigor Gartziak ere: "Irurtzunen egiten diren hainbat ekimenetan euskarak ere presentzia behar duela uste dugu. (L) Aniztasunaren Festaren baitan euskarak presentzia inportantea izan behar du. Horregatik, hortxe egin behar dugula uste dugu".
Irurtzunen dauden hizkuntzen erakusleiho txiki bat izanen da hizkuntza azoka. Osasun etxeko arkupeak eta Arakilgo udaletxeak bat egiten duten txoko horren inguruan hainbat irurtzundar izanen dira euren ama-hizkuntzaren berri ematen. Munduan barnako bidai txiki bat egiteko aukera izanen da. Dena Irurtzungo plazatik bertatik atera gabe. Hizkuntzak ere jolasteko balio dute eta horren inguruko hainbat jolas izanen dira ere Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak antolatuta.
Igandeko hitzorduak euskaldun irurtzundar eta arakildarrak ere erakarri nahi ditu. Irurtzungo plaza arigune bat bihurtu nahi du. Arigunea 2020ko Euskaraldiak berarekin ekarriko duen hitz berria izanen da eta euskaraz aritzeko gunea esan nahi du. Halakoak sortu nahi dira enpresetan, elkarteetan, administrazioan… Azken finean, Ariguneak Belarripresten eta Ahobizien bilguneak izanen dira. Eta, esan bezala, Irurtzungo plazan Arigunea izanen da eta AEK-k mintzodromoa antolatu du. Euskara dakien jendea ezagutzeko eta norberaren sareak zabaltzeko modu atsegina. Gurasoak lasai asko parte hartzeko aukera izanen dute bitartean haurrek Aizpeak antolatutako ludotekan ongi pasatzeko aukera izanen baitute. Baina horren guztiaren aurretik heldutan euskara ikasi duten hainbat irurtzundar eta arakildarri aitortza eginen zaie, "euskaldunon euskara hitz egiteko sareak zabaltzeko egindako ahaleginagatik".
Guaixeren senidetzea
Herriak senidetzen diren moduan hedabideak ere senidetu daitezkeela pentsatzen dugu Guaixen. Horregatik, eta hedabidearen 25. urteurren ekitaldien barruan, Guaixe atzerriko hedabide batekin senidetuko da. Ez edozeinekin, gure moduan hizkuntza gutxitu batean ari den batekin baizik.
Guaixek joan den urtean Nafarroako Ikastolen Elkarteak sustatzen duen Txikiak Handi manifestuarekin bat egin zuen. Han jasotakoari segida emateko erabaki dugu senidetzea. Eta horren berri emateko (L) Aniztasunaren Festa baino marko egokiagorik ez dagoela iruditu zaigu. Beraz, atzerriko hedabidea zein den jakin nahi duenak igandean Irurtzungo plazatik pasa beharko du.