Itxipuru taldea, Aizpea Irurtzungo euskaltzaleen topagunea, Pikuxar euskal txokoa, Sakanako AEK, Mintzakide, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak Euskara zerbitzuak eta Guaixek bat egin dute (L) Aniztasun Festaren antolaketan. Guaixe fundazioaren 25. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldien barruan ospatu da aipatu festa. Eta, horretarako, duela 17 urtetik Itxipuru taldeak urtaro bakoitzarekin antolatzen duen bigarren eskuko azoka baliatu da. Bestelako kontsumo eredu bat sustatzea du helburu azokak. Hala, nahi duen guztiak bere eskaintza egiteko aukera baliatzen du. Itxipuruk baita. Gaur egun Itxipurukoak Iruñeko Apoyo Mutuo (hipotekak kaltetutakoak) eta Altsasuko Ayuda Contenedores (hainbat herrialdetara laguntzaz betetako edukiontziak bidaltzen ditu) taldeekin ari da elkarlanean. Arropa, liburu edota disko bila joan denak hizkuntza ekologiaren aldeko mezuekin bat egin du, eta alderantziz. Gaur jasotako dirua Irurtzunen migratutako pertsonendako harrera ikastaro bat antolatzeko bideratuko da.
Euskarak ere izan du bere tokia gaur. Arakil eta Irurntzungo bost euskaldun berriri aitortza egin zaie. Euskara ikasiz euskaldungoaren sarea zabaldu, kolore gehiago eman eta jende gehiagorekin hitz egiteko bidea eman dutelako jaso dute aitortza Luis Berazak (Izurdiaga), Miren Bajok (Satrustegi), Igor Lanzek (Satrustegi), Angelines Cuevasek (Irurtzun) eta Blanca Ilundainek (Irurtzun). Ahobizi eta Belarriprest aldamenean zituztela AEKren eta Irurtzungo Euskara Zinegotzi Ana Baldaren eskutik jaso dute oroigarri baba, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak emandakoa.
Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuaren sentsibilizazio txokoan hainbat hizkuntzari buruzko informazioa eta zerbitzuaren hainbat euskarri ikusi eta eskuratzeko aukera izan da. Haren ondoan Iturmendin bizi diren bakarrik dauden adingabe atzerritarretako batzuk izan dira. Haiengana hurbiltzen zirenak euren izenak arabiar grafiaz nola idazten den jakin eta txartel batean jasotzeko aukera izan du.
Erakunde antolatzaileen berri ematen zuten kartelen ondoan hizkuntza ekologiari buruzko makina bat mezu jaso dira. Izan ere, aurtengoa Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu du Nazio Batuen Erakundeak (NBE). Hark jakinarazi duenez, munduan 6.700 hizkuntza daude eta haietatik %40 arriskuan daude, indigenak gehienak. Ondare hori babesteko aldarria da NBEren aurtengo deialdi hori. Bide batez, Guaixe fundazioak aukera baliatu du jakinarazteko Mexikoko Yuuyum irratiarekin senidetuko dela jakinarazteko. Aurrerago emanen ditu horren inguruko xehetasunak.