Areto futbola

Osasuna Magnak buelta eman zion partidari eta garaipen garrantzitsua lortu zuen Levanteren kontra

Guaixe 2019ko urr. 14a, 13:19

Nahiz eta Mancuso eta Rafa Usin lesionatu, partida garrantzitsua irabazteko gai izan zen talde berdea. Sailkapenean hirugarrenak dira eta larunbatean bigarrena den Inter Movistar izango dute aurkari. Imanol Arregi izendatu dute 2018/2019ko ligako entrenatzailerik onena

Osasuna Magnak Levante taldea hartu zuen ostiralean Anaitasunan, 2.600 zaleren aurrean. Imanol Arregik esana zuen aurtengo partida bakoitza gerra bat izango zela eta Irurtzungo entrenatzailea ez zen okertu. Bi taldeak oso serio hasi ziren eta bi taldeek aukera politak sortu zituzten hasieratik, baina bi atezainek, Osasuna Magnako Asierrek eta Xotako atezain ohi Raulek, Levanteko atezainak, geldialdi bikainak egin zituzten. Lehen zatiko erdialdean Levante aurreratu zen markagailuan eta gauzak oso estu jarri zizkion talde nafarrari. 

Hala ere, Imanol Arregiren mutilek ez zuten etsi. Horrela, Eric Martelen pasea ongi aprobetxatuz bana berdintzea lortu zuen Bynhok, eta atsedenaldia baino lehen Dani Saldisek talde berdearen bigarren gola lortu zuen, baselinaz. 

Bigarren zatia hasi eta berehala Osasuna Magnako Mancuso lesionatu egin zen. Horren eraginez, Imanol Arregik gizon gutxiago izan zituen errotazioak egiteko. Araçak, Martelek edo Dani Saldisek minutu gehiago iraun behar izan zuten kantxan. Eta egoera okertzeko Rafa Usin ere lesionatu egin zen. Iñigo Fernandezek hartu zuen bere tokia. 

Levanteren erritmoa oso azkarra zen eta taldeak arrisku handia sortu zuen, baina Asier atezaina ikusgarri aritu zen. Osasuna Magna izan zen kontrako atean asmatu zuena. Eric Martelek hirugarren gola sartu zuen, Saldiserekin jokaldi ederra burutu eta gero, eta Levantek Cuzzolino atezain-jokalari bezala jarri zuen. Levante gola sartzekotan egon zen, baina Asierrek ongi zaindu zuen atea eta Dani Saldisek laugarren gola sartu eta gero, 4 eta 1 irabazi zuen talde berdeak. 

Imanol Arregiren esanetan, Levanteren kontrako garaipena “ikusgarria” izan zen, Mancuso eta Rafa Usinen lesioengatik jokalariek beharrezko errotazioak egin gabe geratu zirela kontuan hartuta, “meritu handikoa”. Izan ere, plantilla motza du aurten Osasuna Magnak, eta horri lesioak gehituta, egoera ez da erraza. “Sufrikario latza izan da. Jokalariek dena eman dute kantxan; epikoa izan da” nabarmendu zuen teknikariak. 

Osasuna Magnak eta Inter Movistarrek bigarren postua jokatuko dute larunbatean
Lehen mailako ligako liderra Barça da (15 puntu), Movistar Inter bigarrenarekin puntutara berdinduta. Osasuna Magna Xota hirugarrena da (12 puntu). Ligako hurrengo jardunaldian Osasuna Magna Xotak arerio berezia izango du, Movistar Inter hain zuzen ere. Partida larunbatean jokatuko da, 18:30ean, Madrilen, eta bigarren postua dago jokoan. Hortaz, partida oso konplikatua izango da Imanol Arregiren taldearendako, are gehiago taldeak dituen lesioak kontuan hartuta. Ligako oilarretako bat da Movistar Inter, baina nafarrak ez dira sekula kikildu eta lehia polita espero da. 

Imanol Arregik 2018/2019 denboraldiko entrenatzaile onenaren saria jasoko du
Areto Futboleko Espainiako Federazioak 2018/2019ko denboraldiko Ramon Cobo Saria eman dio Imanol Arregiri, hain zuzen ere entrenatzaile onenaren saria. Imanol Arregik azaldu du berak jasoko duela saria, baina saria talde guztiarendako dela, “entrenatzailearen lana taldean” islatzen delako, baita ere talde tekniko guztiarendako, “hobea izaten” laguntzen diotelako, eta klubarendako “erakusleihoan jartzen” digulako. “Saria nik jasoko dut, baina konpartitutako saria da. Eskertua nago lana baloratzen dutelako, eta hori oso polita da” gaineratu zuen.