Botxa

Pakita Arruabarrena Banakako Botxa txapelduna

Guaixe 2019ko urr. 17a, 11:22

Banakako Iratxo Botxa Txapelketako finalean Pakita Arruabarrenak Josune Astiz hartu zuen mendean. Larunbatean Elkarteen Arteko Botxa Jardunaldia jokatuko da eta Irurtzun taldeak hartuko du parte

Igandean despeditu zen Irurtzungo Iratxo elkarteko botxategian jokatutako Banakako Iratxo Botxa Txapelketa. 12 partaide lehiatu ziren, bi multzotan. A taldean Txutxurrin, Mikel Goldarazena, Alicia Navarro, Mikel Ollo, Edurne Elustondo eta Tere Yeregi aritu ziren, eta B taldean Asensio, Pakita, Julen Iragi, Josune Astiz, Santos eta Tere Otxoa. 

Ostiralean final laurdenak jokatu ziren eta urriaren 13an, igandean, finalerdiak eta final handia. Finalerdietan Josune Astizek 12 eta 11 irabazi zion Julen Iragiri eta Pakita Arruabarrenak 12 eta 7 hartu zuen mendean Asensio. Ondoren, 3. eta 4. postuak zehazteko partida jokatu zen eta Julenek 12 eta 6 irabazi zion Asensio Galartzari. Bukatzeko, Pakitaren eta Josuneren arteko final handia oso estua izan zen; azkenean, Pakitak 12 eta 10 irabazi zion Josuneri. 

Hortaz, Pakita Arruabarrenak irabazi du Banakako Botxa Txapelketa, Josune Astiz bigarrena izan da, Julen Iragi hirugarrena eta Asensio Galartza laugarrena. 

Elkarteen Arteko Txapelketa larunbatean
Larunbatean, urriaren 19an, Elkarteen Arteko Botxa Jardunaldia egonen da jokoan. Irurtzun, Txantrea, Amaya eta Antsoain taldeek hartuko dute parte. 8 bikote arituko dira, eta goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 20:00etan despedituko da txapelketa.