Areto futbola

Bigarren postura igotzeko aukera galdu zuen Osasuna Magna Xotak

Maider Betelu Ganboa 2019ko urr. 21a, 13:13

Movistar Inter taldeari 3 eta 4 irabazten zihoan talde irurtzundarra, baina azken minututan 5 eta 4 galdu zuten Imanol Arregiren taldekoek

Lehen mailako sailkapenean hirugarrena zen Osasuna Magna Xota eta bigarrena Movistar Inter. Bi taldeek bigarren postua zuten jokoan, eta nahiz eta Movistar Inter talde ahaltsua faboritoa izan, Imanol Arregiren taldea dena ematera atera zen Madrilgo kantxara. 

Partida hasi eta berehala erasora atera ziren bi taldeak eta gol aukera ugari sortu zituzten. Azkenean, Gadeiak eta Bebek 2 eta 0 aurreratu zuten Movistar Inter. Gauzak oso gaizki jarri ziren talde nafarrarendako, baina berdeek buelta eman zioten partidari. Martelek eta Juninhok bina berdintzea lortu zuten 2 minututan, baina Movistar Inter 3 eta 2 aurreratu zen. Dena den, atsedenaldia baino lehen hirura berdintzea lortu zuen Rafa Usinek. Partida oso estu zegoen. 

Bigarren zatian 3 eta 4 aurreratu zen Osasuna Magna Xota, Rafa Usinek penaltiz sartutako golari esker. Corner baten jaurtiketan defentsa berdea ez zen ongi aritu eta launa berdindu zuten madrildarrek. Eta, bukaera aldera, Inter Movistarrek garaipenaren gola sartu zuen. Azken minutuan bosna berdintzear egon zen Mancuso, baina Inter Movistarreko Jesus Herrero atezainak hankarekin geldialdi bikaina egin zuen eta hiru puntuak Madrilen gelditu ziren. 

“Bihotzarekin”
Imanol Arregi entrenatzaileak aipatu zuen gaizki hasi zirela. “Lehendabiziko 7-8 minututan gaizki aritu gara eta 2 eta 0 aurreratu dira. Baina partidan sartu gara, gehiago bihotzagatik jokoagatik baino” aitortu zuen Arregik. “Bigarren zatian gu izan gara barkatu dugunak. Aurreratu garenean, gure beste akats indibidual batengatik berdindu dute eta garaipenaren gola partida guztiz erotu denean lortu dute. Hala ere, berdintzeko aukerak izan ditugu. Talde bat gara, baina jokalariei erreparatuta, Asier, Rafa, Eric… sekulako mailan daude” nabarmendu zuen entrenatzaileak. 

Geldialdia ligan
Lehen mailako lider berria Movistar Inter da (18 puntu), Barçari 3 puntu aterata (15 puntu). Osasuna Magna Xota laugarrena da (12 puntu). Asteburu honetan ez da ligako jardunaldirik jokatuko. Izan ere, urriaren 24tik 27ra Areto Futboleko Mundialerako Sailkatzeko Torneoa jokatuko da Polonian eta bertan Espainiako selekzioak hartuko du parte. Selekziorako hautatutakoen artean talde berdeko Rafa Usin dago. Espainiak Finlandia izango du arerio urriaren 24an, ostegunean, eta hurrengo egunean, ostiralean, Georgiaren kontra ariko da. Azken partida Poloniaren kontra jokatuko du, urriaren 27an, igandean. 

Ligako hurrengo jardunaldia azaroaren 2 eta 3ko asteburuan izanen da, eta Osasuna Magnak Ciudad del Vino taldea hartuko du Anaitasunan.