"Gau beltzaren bertako tradizioak goraipatu behar ditugu"

Guaixe 2019ko urr. 25a, 11:44
Isikidiko pertsonaia mitologikoak 'Ibilbide beltza'-n agertuko dira. ARTXIBOA

Irurtzunen Gau beltza ospatzeko 'Ibilaldi beltza' eginen dute urriaren 31n. Txape Iriarte antolatzaileetako bat da

 

Azken urteetan indarrarekin sartu da Amerikako Estatu Batuetatik datorren Halloween ospakizuna. Hala ere, Euskal Herrian ospatzen omen zen antzeko festa bat: Gau beltza.

1. Zergatik antolatu duzue Ibilaldi beltza?
Azken urteetan urriaren 31n sortu den kaleko giro hori, giro euskaldun batean bihurtzeko. Haurrak Halloween izenarekin gelditzen dira eta Gau beltza bezala ezagutu behar dute. Azken hamabost urteetan ikusi dugu Irurtzunen, eta are gehiago hirietan, Halloween festa bazter guztietan dagoela. Negozio bat dela uste dugu, multinazionalena eta kontsumismoa bultzatzeko. Gainera, kanpotik etorri den zerbait bezala ikusten dugu. Egoera horrek gau beltza ospatzera bultzatu gaitu. Halloween-en kontra ez da ezer egin, nire uste. Baina bilatu behar da egokitzeko modua. Hortaz, egun hori ahalik eta euskaldunena egitea eta gure ohiturak mantentzea. 

2. Zertan oinarritu zarete Gau beltza ospatzeko? 
Egiten denaren moldaketa bat egingo dugu. Haurren festa bat da, nahiz eta hirietan izugarrizko festak antolatzen ari diren, eta haur bati ezin diozu esan ezin duela mozorro bat jarri eta trapu zaharrak jarri behar dituela, lehen egiten zen bezala. Herrikoiagoa zen. 

3. Baina Irurtzunen ospatzen zen?
Hemen denetarik entzun dut: eskean ibiltzen zirela, kalabazak eta arbiak husten zirela eta bide bazterretan jartzen zirela, gauez pasatzen zenari beldurra sartzen zitzaiela... Kontatzen zutenez hildakoak agertzen ziren, mamuak agertzen ziren egun honetan. Hortik dator misterio eta beldur guztiak. Hildakoak agertzen zirenez beldurrezko gaua omen zen, eta beldur gehiago sartzeko jendeak bromak egiten zituzten. 

4. Zer da Ibilbide beltza?
Menditik ibilbide bat antolatu dugu. Ordu erdiko ibilbidea izango da. Bi ipuin kontalari egongo dira: Izaskun Mujika eta Yurena Perez eta geldialdiak egingo dira. Geldialdi horietan pertsonai mitologikoak agertuko dira, baina ez dut esango zeintzuk, sorpresa izango da. Plazaolako iturrian, 18:30ean, hasiko da. Bi talde egongo dira: hamar urtetik gorakoak bakarrik joango dira eta beherakoak gurasoekin. 

5. Beldurrezko edo misteriozko ipuinak izango dira?
Egun horretako misterioa kontuan hartuz, bai. Euskal mitologia ere landuko da. Bi gauzak uztartuko dituzte. 

6. Basoan egingo duzue, gero herrira mugituko zarete?
Ez, printzipioz mendian egingo dugu bakarrik. Herri ondoan dagoen larre bati buelta bat emango diogu, bertan zuhaitzak daude eta Plazaolako tunela dago ere. izan ere, tunelean misterioaren kontu hori sor daiteke. Egiten dugun lehenengo aldia da, ea zer moduz ateratzen den. Eguraldi txarra egiten badu plan Ba egin beharko dugu. Hortaz, Irurtzunen dagoen karpan, Barazki gunean, prestatu beharko dugu festa. Euria egiten badu ezinezkoa izango da menduan ibiltzea. 

7. Taldeak nolakoak izango dira?
Jendearen araberakoa izango da. Ez dakigu zenbat jende etorriko den, horregatik Pikuxarren gonbidapenak hartu behar dira urriaren 28, astelehena, baino lehen. Printzipioz talde bat Yurenarekin joango da eta beste talde bat Izaskunekin. Biek antzeko ipuinak kontatuko dituzte, bakoitzak bere modura, baina antzekoak. Gero pertsonaiak aterako dira. Baina ezin da asko aurreratu. Helduek beldur berdina pasa dezakete. Misterioa eta beldurra hor izango dira; ez da ezer gertatuko, baina sorpresak izango dira. 

8. Ez da lehenengo urtea Gau beltza ospatzen duzuela.
Hiru urte daramatzagu kontu honi bueltak ematen. Zer egin egun honekin. Duela hiru urte Halloween euskal festa al da? hitzaldia antolatu genuen. Jaime Altuna eta Josu Ozaita ikerketaren egileekin solasean aritu ginen, eta nahiko jende etorri zen. Haiekin argi geratu zen Halloween haurren festa bat dela eta horren kontra ezin dugula ezer egin. Kanpotik etorri den festa handia da eta, ondorioz, festa hori moldatu behar dugu. Zer egin? Zaila da. Euskara elkarte asko herri askotan ari dira buruari bueltak ematen. Aurreko urtean ipuin kontalaria antolatu genuen liburutegian eta jendea asko joan zen, baina hor gelditu zen. Ipuinak euskaraz kontatzen dira eta gero haurrak ateratzen "truco o trato" delakoan eskean joaten dira. Aurten Ibilbide beltza egitea bururatu zaigu. 

9. Beraz, Halloween gero eta gehiago ospatzen zen Irurtzunen eta horri aurre egin nahi diozue? 
Bai. Batez ere 19:00ak aldera etxeetatik "truco o trato" delakoarekin joaten dira. Hemengo esaerak izango balitz, "Txingila mingila kurruskario, sagarrak merke eta udareak kario", "ziria ala saria" edo "Xanduli, manduli, kikirriki... eman goxokiak guri", motibatzen zaitu. Baina euskaldunak gaztelaniazko formula erabili? Haurren artean, lagunen artean, transmititzen dute hori eta gurasoek ez diote ezer esaten. Gabonetan Papa noel ospatuko bagenu bezala da. Buelta eman behar zaio eta Gau beltza ezagutu behar dugu. Haurrak haurrak dira eta ezin zaie derrigortu, beraz, nik uste ibilbidea motibagarria izango dela. Behintzat ikuskizunean dauden bitartean euskarazko ipuinak entzuten egongo dira. Gero eskean joan daitezke, baina euskal formulak erabiliz. Hori nahiko genuke. Ea animatzen diren. 

10. Haurrak mozorroturik joan behar dira?
Haurrei mozorratzea eta aurpegia margotzea izugarri gustatzen zaie, baita festa ere. Haurrak mozorrotu daitezke, trapu zaharrekin, lehen bezala, joan daitezke edo mozorroturik gabe. Trapu zaharrek beldur handia ematen dute, eta beldurra sortzeko ateratzen direnak agian jantziko dute. Baina haurrak dira eta oso zaila da mozorro dotoreak ez eramatera derrigortzea. Dotore ateratzea nahi dute.

11. Pixkanaka Gau beltzaren tradizioa sortzen ari zarete. 
Pertsona batzuen artean bai. Irurtzunen jendea asko dago eta ezin dugu esan tradizio bihurtu dugula Gau beltza. Badakit jendea askok Halloween ospatuko dutela. Baina motibagarria den plan bat antolatzen badugu, buelta eman ahal diogu. Gutxienez haurren artean esatea: gaur Gau beltzan aterako gara. Izen hori erabiltzea. Azkenean bi ospakizunak ez dira hain desberdinak. Tradizioak leku guztietan nahiko antzekoak dira, baina bertara egokituak. Horregatik uste dugu gure herrira egokitu behar dugula. Gainera, gauza bat bi edo hiru urtez gehiago ospatuta ohitura bihurtzen da. Baina jende asko dago hau dena antolatzen eta urtero gauzak antolatzeko dauden pertsonak prest egon behar dira. 20 bat pertsona egongo gara antolakuntzan.