Poloniatik Nafarroara abestera

Guaixe 2019ko urr. 31a, 10:15
Art'N Voices Vocal Ensemble abesbatza. UTZITAKOA

Urriaren 25etik azaroaren 3ra arte Nazioarteko Abesbatzen Zikloa izan da Nafarroan, eta, gaur, zikloa Sakanara iritsiko da. Irurtzungo San Martin elizan, 19:30etan, Poloniako Art'n Voices Vocal Ensemble abesbatzak kontzertua eskainiko du

Nazioarteko Abesbatzen Zikloaren 25. edizioa ospatzen ari da aurten Nafarroako Abesbatzen Federazioa. Zikloaren helburua koru musika hedatzea eta sustatzea da. Zikloak urtero geldialdia egiten du Sakanan eta aurten bi emanaldia izanen dira. Lehenengoa gaur, 19:30etan, Irurtzungo San Martin elizan izanen da. Poloniako Wejherowo hiriko Art'n Voices Vocal Ensemble abesbatza gaztea izanen da. Kashubia hizkuntzan abesten du, batez ere, abesbatzak. Bihar, Etxarri Aranazko Jasokunde elizan, 19:00etan, Gema Sangkakala Indonesiako abesbatza izanen da.

Art'n Voices Vocal Ensemble abesbatza 2010ean sortu zen eta errepertorio zabala dute: Erdi Artoik musika garaikidera, baita haiek sortutako lanak ere. Lau emakumek eta lau gizonek osatzen dute korua. Nazioarteko abesbatza lehiaketaten sari asko eta garrantzitsuak irabazi ditu, esaterako, azken bost urteetan bederatzi sari nagusi irabazi dituzte.