Areto futbola

Akatsek kondenatu zuten Osasuna Magna Xota

Guaixe 2019ko aza. 4a, 13:32

Lehen maila. 7. jardunaldia: Osasuna Magna Xota 2 – Valdepeñas 3

Lehen Mailako Areto Futboleko Ligako 7. jardunaldia jokatu zen asteburuan, Espainiako selekzioak zituen konpromisoengatik aste bateko geldialdia egon eta gero. Osasuna Magna Xotak Valdepeñas taldea hartu zuen ostiralean Iruñean. Anaitasuna goraino beteta zegoela, 3.000 zaleekin, animoak alde zituen talde berdeak. Baina euren akatsengatik eta punteria faltagatik 3 puntuak Valdepeñasera joan ziren. 

Ongi hasi ziren berdeak; bi taldeak kontrako atera iristen hasi ziren, baina Rafa Usinek 14. minuturako Osasuna Magnaren markagailua mustu zuen, Martilekin jokaldi polita burutu eta gero. Erasoan jarraitu zuten berdeek, eta Valdepeñas itota sentitzen hasi zen. Estrategia izan zen orduan Gaztela Mantxakoen aliatua. Corner bat atera eta gero, eta berdeen defentsa akats bat probestuz –Chinoi bakar-bakarrik geratu zen atean– bana berdintzea lortu zuen Valdepeñasek. Eta bigarren zatia hasi eta berehala Valdepeñasek bigarren gola sartu zuen, beste defentsa akats baten ondoren. Kasu honetan alboko sake baten ondoren atzera ere Chino bakar-bakarrik geratu zen Osasuna Magnako atean. Bynhok bina berdintzeko aukera izan zuen, baina Valdepeñaseko Eduk atea ongi zaindu zue. Eta egoera gehiago okertzeko, hirugarren gola lortu zuen Valdepeñasek, Bynhok baloia galdu eta Pablo Ibarrak Osasuna Magnaren atea zulatu eta gero.

Egoera nahasiari buelta emateko Imanolek hutsartea eskatu zuen eta Osasuna Magnari ongi etorri zitzaion. Dani Saldisek, Llamasek eta Rafa Usinek aukerak izan zituzten, baina ez zuten Valdepeñasen atea zulatu. Eta Edu atezainak Eric Martelek jaurtikitako penaltia gelditu zuen. Gauzak horrela eta 7 minuturen faltan, Araça atezain-jokalari jarri zuen Imanol Arregik. Dani Saldiseren eta Mancusoren jaurtiketak gelditu zituen Eduk, baina, azkenean, Rafa Usinek berdeen bigarren gola sartzea lortu zuen. Tamalez, partidak ez zuen gehiagorako eman eta 2 eta 3 galdu zuen Osasuna Magnak, bere akatsengatik eta punteria faltagatik. 

“Hiru golak oparitu ditugu” azaldu zuen Imanolek
Imanol Arregi haserre zegoen. “Hiru golak oparitu egin ditugu, gure akats oso potoloetatik sortu baitira. Gol aukerak sortu ditugu, baina ez dugu asmatu, baloi asko galdu ditugu eta gaizki ibili gara defentsan, estrategiak gauzatzen eta jokoan. Horrela zaila da irabaztea” aitortu zuen Imanol Arregik partida bukaeran. 

Lehen mailako ligako 7 jardunaldi jokatuta, liderra Movistar Inter da (21 puntu) eta Osasuna Magna 5. postura jaitsi da (12 puntu). Larunbatean 13 punturekin sailkapenean hirugarrena den El Pozo Murcia izango du aurkari Osasuna Magnak, 13:00etan (GOL television). Ligako oilarretako bat izaten jarraitzen du El Pozok, eta arerio zuzena du talde berdeak; beraz, egoerari buelta ematera aterako dira Imanol Arregiren mutilak.