Mendia

Iratxokoak Ezkabara

Guaixe 2019ko aza. 7a, 16:29

Ezkaba gainera igo eta gero, Ezkabako gotorlekuaren eta espetxearen historia ezagutzeko aukera izan zuten Iratxo elkarteak antolatutako ibilbidean parte hartu zutenek

Irurtzungo Iratxo elkarteko mendi taldeak Ezkabara irteera egin zuen igandean. Iratxoko Mikel Goldarazenak aipatu duenez “helburua Ezkabako Gotorlekua eta Botilen Hilerria ikustea zen. Horretarako hitzordua egin genuen Koldo Plarekin”. Jende askok egin zuen bat hitzorduarekin, eta bitan banatu ziren. Talde bat Berriozartik abiatu zen Ezkabara, oinez, eta bidean, besteak beste, Berriozarko hilobia ikusteko parada izan zuten. Beste taldea zuzenean joan zen Ezkabara. Bertan, guztiok egin zuten bat eta Ezkabako Gotorlekura bisita gidatua egin zuten, Koldo Pla gidari zela. “Berak azaldu zigun gotorlekuaren eta espetxearen historia beltza. Tartean gertatu zen Ezkabako ihesa, 1938an, 200 hildakotik gora utzi zituena. Ondoren Botilen Hilerria bisitatu eta gotorleku barneko zenbait txoko ere ikusi genituen” azaldu du Goldarazenak.