Gazte egunaren balorazio “ona” egin dute

Guaixe 2019ko aza. 7a, 18:58

Irurtzundarrak gazte egunaren ondoren San Martin festetarako prestatzen hasiak dira. Argazkiak: @IrurtzungoGA

Irurtzun Arakilgo Gazte Asanbladako kideek adierazi digutenez, “balorazio ona da, gazteon inplikazioz aurrera atera dugun eguna izan delako”.

Gazte egunaren seigarren edizioa ere joan da. Irurtzun Arakilgo Gazte Asanbladatik azaldu digutenez, ostiralean beharrezko muntaketa lanak despedituta, Larrazpi gazte elkartean La lluita en la mochila dokumentalaren emanaldia izan zen. Makarroi platerkadak zituztela, larunbateko prestaketa lanetan aritutakoak giro goxoan afaldu zuten. Eta mahaitik jaso ondoren, 30 bat gazte bildu ziren Larrazpin, gitarraren laguntzaz atzo eta gaurko kantak abesteko.

Larunbateko pintxo-potearen ondoren, Barazki-gunean 100 pertsona inguru hartu zituen bazkaria izan zen. Bazkariko “gazteenak eta zaharrenak” euren aitortza jaso zuten. Bazkal buruan bingo musikatuarekin eta gaztak zuen pisua asmatzeko apustuak egiten pasa zuten arratsa. Gainera, eguraldiak eutsi zionez, elektrotxarangarekin herrian barna ibili ziren. Indarberritzeko magrak eta patata tortilla izan zituzten Barazki gunean, kontzertuei indarberriturik ekiteko.