Lan kategorien kontura akordioa itxi dute Hydro Extrusion enpresak eta UGT eta CCOO sindikatuak. LAB sindikatua ez dago hitzartutako akordioarekin ados. Gaztigatu dutenez, krisiaren aurretik eta ondoren sartu ziren langileen arteko bereizketak segitzen du. LABeko kideen iritziz, “krisiaren aitzakiaz enpresak duela urte batzuk hartu zituen neurrien ondorioz sortu den egoerari ez dio konponbiderik ematen. Lortutako akordioak ez du bukatzen soldata arrakalarekin. Gutxi batzuen egoera partzialki hobetzen du. Eta langileak oraindik kategoria gehiagotan banatzen ditu”. LAB-ekoek gaztigatu dutenez, “nahiz eta langile askok beste langile batzuek egiten duten lan berbera egin, gutxiago kobratzen dute. Desberdintasunak langileoi kalte egiten digute eta bakarrik patronalari egiten dio mesede”.
Sindikatu abertzaleak jakinarazi duenez, “langileek akordioaren aurka sinadura bilketa” egin dute. Lan berdina eta soldata bera aldarrikatu dituzte sindikatuko kideek. Horregatik, LABeko ordezkariek deituta ordubeteko lanuztea egin zuten joan den asteko astelehenean. Protestaldiak segida izanen du aste honetan, gaur eta etzi, lan txanda bakoitzean, bi orduko lanuzteak egitera deitu du LABek.