Areto futbola

Osasuna Magnaren galera injustua

Guaixe 2019ko aza. 11a, 15:52

El Pozo Murciari sartutako legezko gol bat baliogabetu zion epaileak Osasuna Magna Xotari eta hura ospatzen ari zirela El Pozoren gola jaso zuen, garaipenarena

Osasuna Magna Xotak Murtzian jokatu zuen larunbatean, El Pozo Murcia talde ahaltsuaren kontra. Bi arerio zuzenen arteko lehia zen eta galera oso injustua jasan zuen talde berdeak, partida bukatzeko minutu baten faltan Osasuna Magnak gola sartu, arbitroak hura baliogabetu eta nafarrak gola ospatzen ari zirela El Pozok gola sartu zuelako, garaipenarena, egoera eskandalagarrian. 

El Pozo indartsu hasi zen eta Osasuna Magna estutzen hasi zen hasieratik, arriskua sortzen. Horrela, 10. minuturako bi gol sartu zituzten murtziarrek. Baina hortik aurrera partida aldatu egin zen. El Pozoren presioa gainditzen jakin zuten berdeek eta Araçak gola sartu eta markagailuan hurbildu ziren nafarrak. Baina gutxi iraun zuen pozak, El Pozok hirugarrena sartu baitzuen. Eromena sortu zen orduan, Erik Martelek bi gol sartu baitzituen minutu bateko tartean eta hiruna berdindu baitzuen Osasuna Magnak. Baina atsedenaldia baino lehen aurreratzea lortu zuen El Pozok, laugarren gola sartuta. 

Bigarren zatian partida irabaztera atera zen Osasuna Magna eta gogor saiatu ziren irurtzundarrak. Horrela, launa berdindu zuen Dani Saldisek. Bi taldeek garaipenaren gola sartu nahi zuten eta partida erotu egin zen, baina bi taldeek ez zuten aparteko aukerarik sortu, partida bukatzeko minutu faltan eskandalua gertatu arte. Bosgarren gola sartu zuen Osasuna Magnak, garaipena emango ziena, baina arbitroak baliogabetu zuen. Gola ospatzen zebiltzan une horretan jokalari berdeak, gertatzen zenaz jabetu gabe, eta momentu horretan El Pozok jokaldia abiatu eta gola sartu zuen, arbitroak baimendutakoa, sinetsi ezinik begira zeuden Osasuna Magnako jokalarien aurrean. Horrela, hiru puntuak Murtzian geratu ziren eta Osasuna Magnak injustuko galdu zuen. 

Arbitroaren erabakiaren aurrean “inpotentzia eta amorrua”
Partida bukaeran oso haserre zegoen Imanol Arregi. “19 urte daramatzat entrenatzen, eta nire bizitza guztian ikusi dudan lotsarik handiena da hau” nabarmendu zuen Irurtzungo entrenatzaileak arbitroaren erabaki polemikoaren inguruan. “Lehen zatian beraiek gu baino hobe aritu dira eta bigarrenean gu izan gara onenak, baina bukaeran baloia modu lotsagarrian lapurtu digute, nire bizitzan ikusi dudan lotsarik handiena” gaineratu zuen. Arbitroaren erabakiak “inpotentzia eta amorrua” sortu ziola aipatu zuen Arregik. 

Movistar Inter da lehen mailako liderra (22 puntu) eta Osasuna Magna bosgarrena da (12 puntu). Talde berdeak 11 punturekin sailkapenean 7.a den Servigroup Peñiscola taldea hartuko du ostiralean Anaitasuna pabilioian, 20:30ean. Arerio zuzenen arteko partida izango da.