LAB sindikatuak deituta Hydro enpresako langileak lan txanda bakoitzean bi orduko lan uzteak egitera deituta zeuden asteartean eta gaur. Joan den asteko astelehenean ordu erdiko lan uztea egin zuten lan txanda bakoitzean. Langileen artean dauden soldata mailak murrizteko protesta da LABek deitu duena. Hydroko enpresa batzordean (CCOO4, LAB 3 eta UGT 2) nagusi den CCOOk ez du bat egin deialdiarekin. “Gehiengo sindikalak lortutako akordioa langileendako positiboa da, ez baitira eskubideak galtzen eta hainbat aldarrikapenetan hobekuntzak lortu dira”.
CCOOeko kideek gaztigatu dutenez, “balio-aniztasun taula finkatuta gelditu da, kontratu berriak lehen ezagutzen genituen kategoriekin berdintzeko modua da. Informazio batzarrean izan zen LABen aholkulariak ere ziurtatu zuen lan hitzarmenean ez zegoela kategoriarik”. Sindikatuak gaineratu duenez, “lantalde buru aritzen direnak 5. multzora pasatu dira”. CCOOk azpimarratu duenez, “helburuak lortzeagatik emandako bonusak hobetzen direla eta langileendako osagarriak ia puntu erdi handitzen dira”. Aldi berean, CCOOk jakinarazi duenez, “soldatak Nafarroako siderometalurgiako lan hitzarmena baino % 1 gehiago handitzen dira, eta % 1,5 osagarririk ez dutenen langileen kasuan”. Azkenik, sindikatuak gogorarazi du festa egunetan eta gauez lan egiteagatik edo nekagarritasunagatik jasotzen diren plusak handitu direla.
Lan hitzarmena sinatu duen sindikatuaren iritziz, “lanuzteak deitzerakoan lan eskala bikoitza dagoela esaterakoan LAB faltsutasunean oinarritzen da. Langileen zati batek kobratzen dituen osagarriak 2012an izandako kategoria aldaketengatik eta soldata murrizketagatik sortutako egoera pertsonalei dagozkie. Murrizketen erdia berreskuratu zen, baina ez zen tauletan finkatu”. CCOOk nabarmendu duenez, “2012an lantegiaren jardunarekin segitzeko hartu beharreko neurriekin LAB ados zegoen, langileak bozketan onartu zituztenak, nahiz eta gero LABek ez sinatu. Ondorio nagusia da 95 langiletik 140ra pasa garela”.