Areto futbola

Peñiscolaren kontra garaipenaren xendara itzuli da Osasuna Magna

Guaixe 2019ko aza. 19a, 10:36

Araçak talde berdearen 3 goletatik 2 sartu zituen eta modu ezin hobean ospatu zituen talde nafarrarekin osatu dituen 300 partidak. Hurrengo partidan Barça liderra izango du aurkari

Aurreko astean El Pozo Murciaren kontra injustuki galdu eta gero, ostiralean Osasuna Magna Xotak 3 eta 2 irabazi zion Peñiscolari Anaitasunan jokatutako partidan. Garaipenak animoz bete du talde berdea eta sailkapenean postu bat gora egin du talde irurtzundarrak. 

Bikain atera ziren kantxara Imanol Arregiren mutilak eta aukera ederrak sortzen hasi ziren berehala. Horrela, Araçak 24. minutuan Molinak defendatzen zuen atea zulatu zuen, defentsa sorpresaz hartu zuen jaurtiketa indartsu batekin. Peñiscolak ongi eutsi zituen talde berdearen erasoak, eta bere aukerak ere sortu zituen, Asier atezainak ongi gelditu zituenak. Bigarren zatian, 23. minutuan, Rafa Usinek gola sartu zuen, penaltiz, eta 2 eta 0 aurreratu ziren Osasuna Magnakoak. Bigarren zatian Peñiscolak gola sartu zuen eta emozioa pil-pilean jarri zuen. Baina handik gutxira hirugarrena sartu zuen Araçak. Peñiscolak Isi jokalaria atezain-jokalari postuan jarri zuen eta Peñiscolakoek arrisku handia sortu zuten berdeen atean, baina markagailua ez zen aldatu eta Osasuna Magnak 3 eta 2 irabazita despeditu zen partida. Hiru goletatik 2 Araçak sartu zituen, eta brasildarrak modu ezin hobean ospatu zuen talde berdearekin jada 300 partida jokatu izana. Horrekin batera, Roberto Martil  kapitainak 400 partida bete zituen taldean, ospakizun bikaina ere irurtzundarrarendako. 

Imanol Arregi entrenatzaileak aipatu zuenez, “nola edo ahala irabazi beharra genuen. Hiru partida generamatzan irabazi gabe, gauza batzuengatik edo besteengatik, eta horrek beti zalantzak sortzen ditu. Hiru puntu hauek beharrezkoak genituen, eta Kopara gerturatzen gaituzte”. Entrenatzaileak gaineratu zuen garaipena “justua eta landua” izan zela. 

Hurrengo jardunaldian liderra aurkari
Lehen mailako ligan, Barçak jarraitzen du lider (24 puntu), Movistar Interri puntu bat aterata (23 puntu). Garaipenari esker, Osasuna Magna laugarren postura igo da (15 puntu). Hain zuzen ere, hurrengo jardunaldian Barça liderraren kontra ariko da Osasuna Magna. Partida azaroaren 26an jokatuko da, asteartearekin, 21:30ean, eta Esport3 eta LaLigaSportsTV telebista kateetan jarraitu ahal izango da.