Udalak euskara ikasleendako dirulaguntzen deialdia egin du

Guaixe 2019ko aza. 22a, 10:51
(L) Aniztasun festan aitortza jaso zuten Irurtzun eta Arakilgo euskaldun berriak.

Aurreko ikasturtean euskara ikasi zuten 16 urtetik gorako irurtzundarrek hilaren 30era arte egin ditzakete eskaerak udaletxean. 

Euskararen ezagutza irurtzundarren artean sustatu asmoz, 2018-2019 ikasturtean euskara ikasi zuten herritarrei zuzendutako dirulaguntza deialdia egin du Irurtzungo Udalak. Jakinarazi duenez ikastaro mota guztiak lagunduko ditu udalak: estentsiboak, trinkoak, barnetegiak, autoikaskuntza, baita euskarazko udako unibertsitate ikastaroak ere. 16 urtetik gorako irurtzundarrek aurkeztu ditzakete euren eskaerak udaletxean. Horretarako, eskabidearekin batera, honako dokumentazioa da beharrezkoa: nortasun agiriaren kopia, ikastaroari buruzko azalpen guztiak ematen dituen ikastaro antolatzaileak izenpetutako agiria, matrikularen ordainagiria, euskaltegiaren asistentzia-agiria eta langabetuen kasuan Gizarte Segurantzak emandako lan bizitza izeneko agiria.