Areto futbola

Osasunak Magnak Barçaren kontra gehiago merezi izan zuen

Guaixe 2019ko aza. 28a, 12:56
Imanol Arregi, partida jarraitzen.

Talde nafarrak ederki estutu zuen Barça liderra, baina azkenean 6 eta 3 galduta itzuli ziren etxera. Sailkapenean 7. postuan dago talde irurtzundarra eta larunbatean Zaragoza hartuko du Anaitasunan

Osasuna Magna Xotak Barça liderraren kontra jokatu zuen astearte gauean Bartzelonan. Partida bikaina jokatu zuten berdeek eta 11 minuturako 0 eta 2 aurreratu ziren Imanol Arregiren mutilak Eric Martelek sartutako bi golei esker. Talde nafarrak estuasun handian jarri zuen Barça, baina liderrak egoerari buelta eman zion eta berehala bina berdintzea lortu zuen Ferraok sartutako bi golengatik. Eta handik gutxira hirugarrena sartu zuen Ferraok eta 3 eta 2 aurreratzea lortu zuen Barçak. Atsedenaldia baino lehen beste gol bat sartzeko tartea izan zuten kataluniarrek eta 4 eta 2 aurreratu ziren. 

Bigarren zatian Osasuna Magna egoerari buelta ematen saiatu zen eta gol aukera ederrak sortu zituen. Baina baita Barçak ere. Talde kataluniarreko izarra, Ferrao, lesionatu egin zen eta handik gutxira Araçaren jaurtiketak Barçaren ate barruan bukatu zuen eta 4 eta 3 hurbildu ziren berdeak markagailuan. Erasoan jarraitu zuten Imanol Arregiren mutilek, baina Bynho, Mancuso eta Eric Martelen jaurtiketak ez ziren ate barruan sartu. Imanol Arregik Araça atezain-jokalari postuan jarri zuen baina apustua ez zitzaien ongi atera eta Daniel eta Sergio Lozano izan ziren Osasuna Magnaren atean asmatu zutenak. Azkenean, 6 eta 3 galduta itzuli ziren nafarrak, pena, gehiegi merezi izan zutelako. 

Justuena berdinketa litzateke Arregiren ustetan
Imanol Arregik partida bukaeran azaldu zuenez, “berdinketa izango litzateke justuena, partida oso parekatua izan delako. Markagailua ez da gertatutakoari egokitzen eta pena da”. Teknikariak gaineratu zuenez, “0 eta 2 aurreratu gara baina gure bi akatsengatik lortu dute erremontatzea, eta bigarren zatian hobeak izan gara, gol aukera argiak izan ditugu, baina ez dugu asmatu”. 

Zaragoza, O Parrulo Ferrol eta Colo Colo Zaragoza, hurrengo arerioak
Sailkapen orokorrean Barçak eusten dio lidergoari (27 puntu) eta Osasuna Magna 7. postura jaitsi da (15 puntu). Hurrengo jardunaldia, 11.a,  larunbatean jokatuko du Osasuna Magnak, Anaitasunan, 20:00etan, sailkapenean 13.a den Zaragoza taldearen kontra. Eta 12. jardunaldia Galizan jokatuko du Osasuna Magnak, abenduaren 6an, 19:00etan, sailkapenean 8.a den O Parrulo Ferrolen kontra. Eta abenduaren 11n, asteazkenarekin, Errege Kopako final hamaseirenetako partida jokatuko du Osasuna Magnak Colo Colo Zaragozarekin, La Granjan, 20:30ean. Beraz, egun gutxitan partida dezente dituzte jokoan Imanol Arregiren mutilek.