Lan bera, soldata bera. Aldarrikapen hori duen pankartari zortzigarren egunez eutsi zioten atzo Hydroko hainbat langilek. Enpresako soldatak parekatzeko mobilizatzen ziren 8. eguna zen atzokoa. Aurreko asteetan lan txanda bakoitzeko ordukako geldialdiak egin bazituzten, asteazkeneko egun osoko lanuztea zuten deituta. Greba batzordeak eta borrokan dauden langileek zuzendaritzari lau eskakizun egin dizkiote. Aurrena, “soldaten parekatze progresiboa egitea. Gaur egungo % 25eko soldata arrakala % 12,5era jaistea, abiapuntu gisa”.
Horrekin batera, zuzendaritzari eskatu diote “azken urtean sortu diren kontzeptu ez kontsolidagarriak kontsolidagarri egitea”. Aldi berean, protestan dauden langileek eskatu dute “kategoriak egiten ditugun funtzioen arabera aitortzea”. Atzeneko eskaera da “greban aritu diren langileen kontra jazarpenik ez egotea”. Soldata arrakalaren kontrako borrokara batzeko dei egin diete CCOOri eta UGTri.
LABeko ordezkari Toño Ollakarizketa Elizondok azaldu digunez, lan bera egiten duten lankideen arteko soldata desberdintasuna urtean 5.000 edo 6.000 eurokoa da. Grebalariek jakinarazi dutenez, “desberdintasuna jasangaitza da. Hilabetean 1.200 eurora iristen ez diren lankideak ditugu, soldatak parekatuta egonen balira 500 euro gehiago kobratuko lituzkete hilabetero”.
Atzera begira
Lanuzteak egiten ari diren lantegian aluminiozko perfilak egiten dituzte. Enpresa Inasa izenarekin sortu zen. Baina hura zatitu ondoren hainbat izen izan ditu: Inea, Alcoa, Sapa eta azkenik, Hydro (duela urte eta erditik). Gaur egun 135 langile ditu. Protestan dauden langileek gogorarazi dutenez, “2010eko martxoan enpresak biltegia azpikontratatzeko mehatxua egin ondoren langileak bi taldetan banatzen zituen akordioa inposatu zuen. Alde batetik, Hydroko (orduan Sapa zen) soldata duten langileak eta, bestetik, data horretatik aurrera kontratatutako langileak, Nafarroako metalgintzaren hitzarmena aplikatzen zaiena”.
Erabakia 2015era arte egon behar zuen indarrean, “langile guztien soldatak parekatu behar ziren” orduan. Soldatak berdintzea aldarrikatzen duten langileek jakinarazi dutenez, “2014ko garagartzaroaren 6ean, hauteskunde prozesua hasi baino bost egun lehenago, orduko enpresa batzordearekin soldata banaketa mugagabea izatea” adostu zuten. “Akordio hark ez zen errealitatearen isla eta hauteskundeen ondoren sindikatu bat ordezkaritzarik gabe gelditu zen”. Bestela esanda, enpresa batzordearen osaera aldatu zenez, “enpresak ez zuen gehiengo nahikorik akordio hura gauzatzeko. Osatu zen komite berrian ez zegoen adostasun nahikorik soldata arrakala betikotzeko. Akordio hura beraz fede txarrez eta gehiengo baten aurka eraiki zen”.
2010eko krisialdi orokorreko testuingurutik gaur egunera “egoera asko aldatu da. 2014. urtetik hona, soldatak parekatu behar ziren urtetik, enpresak 20 milioi euro inguruko irabaziak izan ditu. 2018Ko balantzean (dugun azkena) enpresak 5,260 milioiko irabaziak izan ditu”. Datu horiek kontuan izanik, soldata parekatzea eskatzen duten langileek diotenez, “gure aldarrikapenak egingarriak dira, 2014tik aurrera enpresak pilatu dituen irabazien % 1 da”.
Behin behineko eta Aldi Baterako Lan Enpresen bitartez lan egiten duten langileen tasa “handia” dela gaztigatu dute protestan dabiltzanak. “2010etik aurrera kontratatuak izan garenak %22 eta %25 gutxiago kobratzen dugu, 2012. urtean galdu genituen eskubideen kostua 3.122 eurokoa izan zen urteko eta langile bakoitzeko, Nafarroako metalgintza hitzarmenean baino hiru lanegun gehiago ditugu. Izan ditugun hobekuntzak eskubide galeren truke izan dira eta ez dira kontsolidagarriak, iraungitze data dute. Hori bai, soldata arrakala 2014ean betikotu zen”.