Areto futbola

Osasuna Magnak irabazteko aukera galdu zuen Ferrolen

Guaixe 2019ko abe. 9a, 11:32

O Parruloren kontra bina berdindu zuten Imanol Arregiren mutilek, baina partida irabazteko aukera gertu izan zuten. Asteazkenean Errege Kopako final hamaseirena jokatuko dute Zaragozan, Azulejos Moncayo Colo Colo taldearen kontra

Osasuna Magna Xotak hiru puntu oso baliotsu irabazteko aukera galdu zuen ostiralean, O Parruloren kontra Ferrolen jokatutako partidan bina berdindu eta gero. Partida oso entretenigarria izan zen, eta galtzen joan ziren irurtzundarrak, baina partida berdintzea lortu zuten eta garaipena lortzeko makina bat aukera ere izan zituzten, tamalez gauzatu ez zituztenak. 

Hasieran ez zen dominatzaile argirik egon. 9. minutuan Roberto Martilek O Parruloren atea zulatzea lortu zuen, izkinako sake bati erantzun bikaina eman ondoren. Baina 14. minutuan O Parrulok berdintzea lortu zuen eta atsedenaldia baino lehen bigarrena sartu zuen Galiziako taldeak. Bigarren zatian jokalari berdeak berdintzera atera ziren, eta abantaila handitzera, aldiz, galiziarrak. Bi taldeek aukera oso argiak sortu zituzten, eta Saldise partida berdintzear egon zen. Imanol Arregik apustua egin zuen eta Eric Martel atezain-jokalari jarri zuen. Estrategia ongi atera zitzaien nafarrei, Rafa Usinek bina berdintzea lortu zuelako. Atezain-jokalaria formularekin jarraitu zuen Osasuna Magna Xotak eta garaipenaren gola sartzear egon ziren, baina Héderrek baloia ate azpitik ateratzean lortu zuen  eta Eric Martelen jaurtiketa bat zurtoinera joan zen. Azkenean, binako berdinketarekin eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. 

Imanol Arregik onartu zuen taldea bigarren zatian hobeto egon zela lehenean baino. “Lehen zatian ez gara guztiz eroso aritu eta bi despisteetan bi gol sartu dizkigute. Gure helburua irabaztea zen, baina ez da posiblea izan. Aukera oso argiak izan ditugu, baina ezinezkoa izan da. Lanean jarraitu beharra dago” nabarmendu zuen entrenatzaile irurtzundarrak. 

Errege Kopa eta Liga
Barçak jarraitzen du lehen mailako lider (31 puntu), Movistar Interri 2 puntu aterata (29 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarrena da (19 puntu). Asteburuan ligako 13. jardunaldia jokatuko da eta Osasuna Magna Xotak 20 punturekin sailkapenean seigarrena den eta arerio zuzena duen Jaen Paraiso Interior taldea hartuko du Anaitasunan, ostiralean, 20:30ean. Hortaz, ezinbestekoak dira Iruñean jokoan dauden hiru puntuak. 

Baina lehenago, asteazkenean, Errege Kopako final hamaseirenetako partida jokatuko du Osasuna Magna Xotak 2. mailan dabilen Zaragozako Azulejos Moncayo Colo Colo taldearen kontra. Partida 20:30ean jokatuko da La Granja pabilioian. Irabazten duena Errege Kopako final zortzirenetarako sailkatuko da.