Areto futbola

Sufrituta, baina irabazi

Guaixe 2019ko abe. 16a, 11:51

Osasuna Magna Xotak 5 eta 4 irabazi zion Jaen taldeari ostiralean Anaitasunan eta Espainiako Kopara sailkatzeko bidean 3 puntu oso garrantzitsu lortu zituzten berdeek. Bihar, asteartean, Aspil Jumpers Ribera Navarra taldearen kontra derbia jokatuko du Osasuna Magnak, Tuteran, 21:00etan

Ostiralean Jaen Paraiso Interior taldea hartu zuen Osasuna Magna Xotak, sailkapeneko lehen postuetan arerio zuzena. Beraz, jokoan zeuden hiru puntuak oso preziatuak ziren, Espainiako Koparako sailkatzeko ezinbestekoak. Ederki sufritu zuten Imanol Arregiren mutilek, baina azkenean helburua lortu zuten: puntuak eskuratu eta Koparako sailkatzeko bideari eustea. 

2.750 ikusle bildu ziren Anaitasunan Osasuna Magnaren eta Jaenen arteko partida jarraitzera. Eta gozatu ederra hartu zuten, erritmo handiko eta emozioz betetako partida izan zelako. Lehen zatian bikain ibili ziren Osasuna Magnakoak: Jaen estutu zuten, andaluziarrak akatsak egitera behartu zituzten eta akats horiei probetxua atera zioten. Horrela, Dani Saldisek, bitan, eta Mancusok, beste bitan, sartutako golei esker 4 eta 0 aurreratu zen Imanol Arregiren taldea. Bigarren zatia hasi eta berehala Michelek Jaenen markagailua mustu zuen. Eric Martelek, berriz, Osasuna Magnaren aldeko bosgarren gola sartu zuen, falta ikusgarria jaurtiki eta gero. Baina hortik aurrera Jaenek talde berdea estutu zuen eta hiru minututan bi gol sartu zituzten andaluziarrek. Horrela, 5 eta 3 gerturatu ziren markagailuan. Atezain-jokalari formularekin arriskatu zuen Jaenek eta laugarren gola sartu zuten. Orduan urduritzen hasi ziren Osasuna Magnako zaleak, baina talde berdeak eutsi zuen eta 5 eta 4 irabazita hiru puntu oso garrantzitsu lortu zituen, Espainiako Koparako sailkatzeko bidean ezinbestekoak. 

Imanol Arregik azaldu zuen bere taldeak lehen zati “ikusgarria” egin zuela, bai defentsan eta bai erasoan. Horregatik, garaipena “justua” izan zela nabarmendu zuen Irurtzungo teknikariak. Bestalde, Eric Martelek hurrengo denboraldian taldea utzi eta Movistar Inter talde ahaltsura joango dela jakin izan zen. Dani Saldise irurtzundarrak ere oraindik ez du Osasuna Magna taldearekin kontratua berritu eta taldea utziko ote duen, hori da zalantza. Hurrengo denboraldiari begira, Imanol Arregirendako ustekabeko galantak. 

Bihar Nafarroako derbia egonen da jokoan
Ligako 13 jardunaldiak lehen mailako areto futboleko lider berria ekarri du: Movistar Inter (32 puntu). Orain arteko liderra, Barça, puntu batera dago (31 puntu) eta Osasuna Magna Xota seigarrena da sailkapenean (22 puntu). Aste honetan jardunaldi bikoitza dago jokoan lehen mailan. Osasuna Magna Xotak bihar, asteartean, derbia du jokoan Aspil Jumpers Ribera Navarra taldearekin. Erriberako taldea 13. dago sailkapenean. Partida Tuteran jokatuko da, bihar, asteartean, 21:00etan, eta telebistan zuzenean ikusteko aukera izango da (LaLigaSportsTV). Eta asteburuan 15. jardunaldia jokatuko da. Osasuna Magnak Palma Futsal hartuko du Anaitasunan, ostiralean, 19:00etan. Ondoren ligak atseden hartuko du ilbeltzaren lehen asteburura arte.