Areto futbola

Osasuna Magnak derbia irabazi eta Espainiako Koparako sailkatu da

Guaixe 2019ko abe. 18a, 11:08

Aspil-Jumpers Ribera de Navarrari 1 eta 3 irabazi zion talde irurtzundarrak eta seigarrena da sailkapenean, Koparako sailkatua. Ostiralean berdeek Palma Futsal hartuko dute NUPen

Atzo Lehen Mailako Areto Futboleko Ligako 14. jardunaldiko partida jokatu zuten Osasuna Magna Xotak eta Aspil-Jumpers Ribera de Navarrak, nafarren arteko derbia, Tuteran. Asko zegoen jokoan: derbiak beti duen xarmari, partidako 3 puntuak gaineratu zitzaizkion, bi taldeak ezinbestekoak zituztenak, Imanol Arregiren taldeak Espainiako Koparako sailkatzeko behar beharrezkoak zituenak eta Tuterako taldeak beheko postuak atzean uzteko ere falta zituenak. Horrela, partida oso lehiatua eta erritmo handikoa izan zen hasieratik.  

Tuterakoak erasokorragoak egon ziren hasieran eta Asierren atera arrisku handiz iritsi ziren, Tripoli jokalaria bereziki, baina Asier atezainak eta defentsa berdeek ongi eutsi zuten. Osasuna Magna ere Aspil-Jumpersen atera iristen hasi zen, baina Gus atezainak ongi zaindu zuen atea. Azkenean  Llamasek markagailua mustu zuen, Osasuna Magnaren aldeko gola sartuz. Tuterakoak berdinketa lortzen saiatu ziren, baina Asierrek bikain zaindu zuen atea. Eta Tuterakoen despiste bat probestuz bigarren gola sartu zuen Osasuna Magnako Bynhok. Bigarren zatian behin eta berriz saiatu zen Aspil-Jumpers, baina ezin. Zurtoinak eta Asierrek euren jaurtiketa guztiak gelditu zituzten. Araçak Xotaren hirugarrena sartu zuen bukaera aldera, eta azken minutuan Closasek Tuterakoen gol bakarra egin zuen. Garaipena lortzeaz gain, Espainiako Koparako sailkapen matematikoa lortu zuen talde irurtzundarrak –ligako lehen itzulian sailkatzen diren lehen 8 taldeak jokatzen dute Kopa– eta jokalari berdeek ederki asko ospatu zuten. 

Imanol Arregi oso pozik zegoen. “Bagenekien oso zaila izango zela, Aspil-Jumpersek oso ongi jokatzen duelako, eta gauzak oso zailak jarri dizkigu, baina garaipena justua izan da” aipatu zuen Irurtzungo zuzendariak. “Espainiako Koparako atzera ere sailkatzea handia da. Oso pozik gaude, eta lehen itzuliko azken jardunaldia prestatzea eta atseden hartzea hori da orain buruan duguna” gaineratu zuen.  

Ostiralean Palma Futsal hartuko dute berdeek NUP-en
Lehen Mailako Areto Futboleko Ligan, Movistar Inter da liderra (35 puntu), Barçari puntu bat aterata (34 puntu), eta Osasuna Magna Xota bosgarrena da (25 puntu), Malagan jokatuko den Espainiako Koparako sailkatuta. Asteburuan 15. jardunaldia jokatuko da. Osasuna Magnak sailkapenean hirugarrena den Palma Futsal taldea hartuko du ostiralean, 18:30ean, baina partida ez da Anaitasunan jokatuko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko pabilioian baizik. Goian dauden bi taldeen arteko partida bikaina espero da. Ondoren ligak atseden hartuko du ilbeltzaren lehen asteburura arte.