Areto futbola

Araçaren kontrako oihu arrazista salatu dute

Guaixe 2019ko abe. 19a, 09:37
Roberto Martil kapitain irurtzundarra Araça iraindu zuen zalea seinalatzen. Argazkia: Blanca Aldanondo.

Aspil-Jumpers Ribera Navarrak eta Osasuna Magnak jokatutako derbian zale batek talde berdeko Araçari irain arrazista egin zion eta bi taldeek gogor kondenatu dute gertatutakoa. Sare sozialetan soka luzea ekarri du gertakariak eta Roberto Martil kapitainaren aldeko mezu ugari jaso dira

Asteartean Aspil-Jumpers Ribera Navarra eta Osasuna Magna Xotak jokatutako partidan zoritxarreko gertakari bat gertatu zen. Talde irurtzundarreko Alexandre Araça jokalariak gola sartu zuenean, Osasuna Magnaren hirugarren gola, gola ospatzerakoan besoak gora igo eta zerura begira jarri zen, gola zendu berri zaion aitari eskaintzeko. Une horretan, Aspileko jarraitzaile batek “negro de mierda” oihu egin zion Araçari, LaLigaSportsTv saioko kamarek zuzenean jasotakoa. Osasuna Xotako kapitain Roberto Martil zalearengana joan zen eta behatzarekin seinalatu zuen, eta ondoren istilutxoa sortu zen jarraitzailearen eta jokalarien artean. Istiluak gora egin zuen eta arbitroak txartel horia atera zion Martil irurtzundarrari. 

Gertatutakoaren aurrean, Osasuna Magna Xotak eta Aspil-Jumpers Ribera Navarar taldeek babesa azaldu nahi izan diote Araçari. Osasuna Magna Xotak bere Twitter kontuan azaldu zuenez, “Xotan irain tamalgarria kondenatzen dugu eta Valdepeñasen Bynhori gertatutakoaren aurrean egin genuen berbera egiten dugu: gure maitasun eta babes osoa eskaintzen diogu bere aitari gola eskaintzen zion Araçari. Badakigu soilik pertsona baten iraina izan zela, Ribera de Navarraren zaleak ordezkatzen ez dituena”. Erriberatik ere gertakaria salatzeko hitzak izan zituzten. “Aspil-Jumpers Ribera Navarra taldeak astearteko partidan Xotaren hirugarren gola ospatzerakoan gertatutakoa kondenatzen du. Halako hitz eta jarrerek ez dute tokirik kirolean eta klub honek ez ditu onartze, inondik inora” dio Tuterako taldeak kaleratu duen oharrak. 

Bestalde, sare sozialetan soka luzea ekarri du gertakariak eta Roberto Martil kapitainak aldeko mezu ugari jaso ditu, Araça taldekidea defendatzeko izan zuen jarreragatik. Osasuna Magna Xota oso pozik azaldu zen Roberto Martil kapitainaren erantzunarekin. “KAPITAINA, maiuskulekin. Ez dago zalantzarik kapitain handia dugula” adierazi zuen klubak bere Twitter kontuan.