Areto futbola

Osasuna Magna Xotak garaipenarekin bukatu eta hasi zuen urtea

Guaixe 2020ko urt. 7a, 12:03

2019ko azken partidan talde berdeak 3 eta 1 irabazi zion Palma Futsali eta urteko lehen partidan 5 eta 3 hartu zuen mendean Cordoba Futsal. Gaur Lacturalera bisita egin du talde irurtzundarrak

Ongi ekin dio urteari Osasuna Magna Xotak. Urteko azken partidan Imanol Arregiren taldeak 3 eta 1 irabazi zion Palma Futsal taldeari, eta ostiralean jokatutako urteko lehen partidan ere gauzak ezin hobe egin zituen talde berdeak. Urtea bikain hasi zuen talde irurtzundarrak, Cordoba Futsal taldeari 5 eta 3 irabazi zion Anaitasunan jokatutako partidan. Horrela, azken lau partidetan garaipena lortu du talde berdeak eta sailkapenean 5. postuari eusten dio. 

Hala ere, Cordobaren kontra jokatutako partida ez zen erraza izan  Osasuna Magnarendako. Berdeen defentsa akats bati esker Cordoba aurreratu zen markagailuan; Osasuna Magnari kosta egin zitzaion Cordobaren presioa gainditzea, baina, azkenean, Mancusok bana berdintzea lortu zuen, Cordobako defentsaren akats bati esker. Eta 40 segundo eskasera Dani Saldisek 1 eta 2 aurreratu zuen talde berdea, jaurtiketa bikoitz batekin. Hala ere, alaitasunak gutxi iraun zuen, kontraeraso batean bina berdindu baitzuen Cordobak, baina atsedenaldia baino lehen Araçak gola sartu eta 3 eta 2 irabazten zihoazela joan ziren berdeak aldageletara. Bigarren zatian hiruna berdindu zuen Cordobak eta andaluziarrek ederki estutu zuten talde berdea. Baina Rafa Usinek corner baten ondoren laugarren gola sartu zuen eta Saldisek bosgarrena egin zuen kontraeraso bat probestuz. 5 eta 3 irabazi zuten nafarrek, ederki sufrituta. 

Imanol Arregik azaldu zuenez, partida “oso gogorra” izan zen. “Kontrako gola jaso eta gero taldeak ongi erantzuten jakin izan du, eta nahiz eta Cordobak berdindu, azkenean bi goleko errenta defendatzen jakin izan dugu eta garaipen garrantzitsua lortu dugu, sailkapenean goian egotea ahalbideratzen diguna, play-off postuetan. Izan ere, hemendik aurrera lehen zortzi postuetan egotea da erronka, titulua erabakitzeko play-offak jokatu ahal izateko” nabarmendu zuen Irurtzungo teknikariak. 

Hurrena, Burela
Gauzak horrela, Lehen mailako sailkapenean Movistar Inter da liderra (38 puntu) eta Osasuna Magna Xota 5. da (31 puntu). Asteburuan 17. jardunaldia dago jokoan eta larunbatean sailkapenean 16. eta azkena den Pescados Ruben Burelaren kontra ariko da Osasuna Magna, Galiziako Burelako Vista Alegre pabilioian, 18:30ean. 

Gaur bisita Lacturalera
Lacturale da Osasuna Magna Xotaren babesleetako bat eta gaur, asteartean, ilbeltzaren 7an, Lacturaleren Etxeberriko behitegira bisita egin du talde berdeak. Goizeko 11:00etan hurbildu dira jokalari, teknikari eta juntako kideak Etxeberrira, esnetarako behi-aziendako interpretazio gunea bisitatzera. 

Kopako lehen arerioa, Bartzelona
Lehen Mailako Espainiako Koopa martxoaren 5etik 8ra jokatuko da Malagan. Zozketa egin eta gero, Osasuna Magna Xotaren Kopako final laurdenetako arerioa Barça izango da, martxoaren 6an jokatuko den partidan. Arerio oso latza egokitu zaio talde berdeari, baina dena ematera aterako dira Imanol Arregiren mutilak. Final laurdenetako gainontzeko partidei dagokienez, El Pozo Murcia Levanteren kontra ariko da, Movistar Inter Palma Futsalen kontra eta Jaen Paraiso Interior Viña Albali Valdepeñasen kontra. Osasuna Magna eta Barçaren kontrako talde irabazleak El Pozo Murcia eta Levante taldeen arteko partidako irabazlea izango du aurkari finalerdietan. 
Kopako sarrerak aurki jarriko dira salgai.