Areto futbola

Osasuna Magnak puntu bat ekarri zuen Galiziatik

Guaixe 2020ko urt. 13a, 12:38

Berdeak Burelaren atean asmatu ezinik ibili ziren eta azken unean lortutako berdinketarekin gutxienez puntu bat poltsikoratu zuten. Bihar, asteartean, Santa Colomaren kontra Errege Kopako partida jokatuko du talde berdeak Badalonan eta ostiralean atzera ere Santa Coloma taldea izango du aurkari Osasuna Magnak Anaitasunan, ligako partidan

Larunbatean Osasuna Magna Xotak bina berdindu zuen Pescados Ruben Burelaren kontra Galizian jokatutako partidan. Indartsu hasi ziren Imanol Arregiren mutilak, baina ongi erantzun zuten galiziarrek; horrela, bi taldeek euren aukerak izan zituzten. 11. minutuan Eric Martelek pase bikaina egin zion Dani Saldiseri eta irurtzundarrak, baloia bikain kontrolatu ondoren, Osasuna Magnaren markagailua mustu zuen. Baina Pescados Ruben Burelak ezin hobe erantzun zuen. Matamorosek, Asier atezaina gainditu zuen buruz sartutako golarekin eta berehala bigarrena sartu zuten galiziarrek. Horrela, atsedenaldira 2 eta 1 galduz joan ziren jokalari nafarrak. 

Bigarren zatian berdinketa lortzera eta partidari buelta ematera atera ziren Imanol Arregiren mutilak, baina Burelako atezain Kaluza ikusgarri aritu zen eta berdeen asmoak zapuztu zituen. Kontrako atean asmatu ezinean ibili ziren jokalari berdeak. Osasuna Magnak atezain-jokalariaren alde egin zuen eta Burelako atera gehiago iristen hasi ziren, baina baloiak ez zuen sartu nahi. Partida bukatzeko segundo eskasen faltan, Alex Dizek ate propioan gola sartu zuen eta horrela lortu zuen berdinketa Osasuna Magna Xotak. 

Imanol Arregi ez zegoen batere pozik bere taldeak egindako jokoarekin. “Partida txarra egin dugu, oso txarra, esango nuke. Ez gara gu izan partida guztian barna. Azkenean eurek ate propioan sartutako golari esker berdindu dugu, baina ez gara ongi ibili, ez defentsan ezta erasoan ere” azaldu zuen entrenatzaile irurtzundarrak. 

Santa Colomaren kontra bitan
Lehen mailako areto futboleko liderra Movistar Inter da (41 puntu), Barçaren aurretik (38 puntu). Osasuna Magna Xota 6. postura jaitsi da (32 puntu). Aste honetan Osasuna Magna Xota bitan ariko da 16 punturekin sailkapenean 12. den Industrias Santa Colomaren kontra. Bihar, asteartean, Errege Kopako final zortzirenetan lehiatuko dira bi taldeak, Badalonan, eta ostiralean ligako partida jokatuko dute bi taldeek Anaitasunan, 20:30ean. 

Espainiako Kopako sarrerak salgai
Areto futboleko Espainiako Kopa martxoaren 5etik 8ra jokatuko da, Malagan. Zozketak erabaki du Osasuna Magna Xotaren Kopako final laurdenetako arerioa Barça izango dela, martxoaren 6an jokatuko den partidan. Partidarako sarrerak salgai daude ondoko loturan: https://bit.ly/37PPRNG (kodea: osasuna2198).