Areto fubola

Dani Saldise Movistar Interrera

Guaixe 2020ko urt. 14a, 15:10
Dani Saldise, jokoan.

Osasuna Magna taldeko irurtzundarrari aurten despeditzen zaio talde berdearekin, berritzeko eskaintzak ez ditu onartu eta badirudi Movistar Interrekin fitxatuko duela

Egunotan bolo-bolo dabil kontua kirol prentsan. Badirudi Dani Saldise irurtzundarrak bere taldekide Eric Martelen bidea jarraituko duela eta hurrengo denboraldian Movistar Inter talde ahaltsuan ariko dela. Movistar Interrek eta Dani Saldisek ez dute albistea konfirmatu, baina egiazkotzat jotzen da. Osasuna Magnarendako bi galera oso garrantzitsuak izango dira, eta talde irurtzundarra Movistar Inter klubaren jokatzeko moduarekin mindua dagoela filtratu da. 

Dani Salsise irurtzundarrak 24 urte ditu eta Xota klubeko etxeko jokalaria da. Txikitatik trebatu da Xotako kategoria txikietan, eta 2013-2014 denboraldian debutatu zuen talde nagusiarekin. Imanol Arregirendako jokalari ezinbestekoa da, gakoa. Kalitate handiko jokalaria da, gola egiteko ukitu bikaina duela. Horrela, talde handien interesa piztu du. 

Dani Saldiseri aurten bukatzen zaio Osasuna Magna Xotarekin duen kontratua. Kontratua berritzeko Tatono Arregik gidatzen duen klubak egindako eskaintzak ez ditu onartu, nahiz eta baldintza ekonomikoak hobetu. Badirudi hurrengo denboraldian Movistar Inter taldean ariko dela aurrelari irurtzundarra, bere taldekide Eric Martelen bidea segiz. Bi klubek, Interrek eta Xotak, ez dute albistea konfirmatu baina areto futboleko munduan jakintzat ematen da, eta badirudi Xota minduta dagoela jokalaria kontratatzeko Movistar Inter klubak izan dituen moduekin, jokalaria libre kontratatuko baitu, klubari traspasoa ordaindu gabe. Horrela, Dani Saldisek areto futboleko talde ahaltsuenetakoen artean dagoen taldean ariko da, eta Xotatik kanpo beste talderen batean ariko den lehen jokalari nafarra. 

Osasuna Magna Xotarendako kolpe latza izango da Dani Saldise eta Eric Martel jokalariak galtzea. Aurrekontu xumea du talde nafarrak, urtetik urtera apenas handitzen dena, eta hori fitxaketa onak egiteko sekulako traba da. Beste talde batzuk euren aurrekontua izugarri handitzen ari diren bitartean –Jaen, Palma, Valdepeñas, Cartagena…–Osasuna Magnak aurrekontua eta plantila itxi ahal izateko direnak eta ez direnak egin behar izaten ditu. Hala ere, urtero hoberenekin lehiatzen da talde berdea.