Areto futbola

Osasuna Magnak Errege Kopari agur

Guaixe 2020ko urt. 15a, 13:53

Santa Coloma taldeak 9 eta 2 irabazi zion talde irurtzundarrari eta Errege Kopatik kanpo utzi zuen talde berdea

Atzo Errege Kopako final zortzirenetako partidak jokatu ziren. Osasuna Magna Xotak Katalunian jokatu zuen, Industrias Santa Coloma taldearen kontra, eta ezusteko galanta gertatu zen, berdeak Errege Kopatik kanpo geratu baitziren, gol zaparrada ederra jaso eta gero (9 eta 2). 

Hasieran paretsu ibili ziren bi taldeak, 9. minutuan Santa Colomako Bruno Petryk ate berdea zulatu zuenera arte. 3 minutu beranduago, bi gol segidan sartu zituen Santa Colomak. Atsedenaldirako gutxi falta zela, laugarren gola egin zuen Santa Colomak. 4 eta 0, berdeak konturatzerako. Eric Martelek gol bat sartu zuen, baina atsedenaldira joan baino lehen bosgarrena sartzeko aukera izan zuten kataluniarrek eta 5 eta 1 irabazten zioazela joan ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian Osasuna Magna Xotaren erantzuna espero zen, baina ez zen iritsi. Bigarren zatiko 7. minutuan 6. gola egin zuen Santa Colomak, baina berdeek Roberto Martilen golarekin erantzun zuten. Bigarren gola sartuta, berdintzea zuten nafarrek buruan eta Imanol Arregik atezain-jokalari formula erabili zuen, erasoaren aldeko apustua eginez. Baina estrategia ez zen ongi atera, Osasuna Magnak golik ez eta aldiz, Santa Coloma taldeak beste bi gol sartu zituelako. Beraz, 9 eta 2 galduta, Osasuna Magna Xota Errege Kopatik kanpo geratu zen. 

Errebantxa
Jokalari berdeak deseroso aritu ziren, ez ziren partidan sartuta egon, eta halako gol zaparrada jaso eta Errege Kopatik final zortzirenetan erortzea ez zen batere gozoa izan talde irurtzundarrarendako. 
Ostiralean, atzera ere Santa Colomaren kontra aritu beharko dira, baina kasu honetan ligako partidan. Errebantxa hartzeko aukera dute berdeek.